Boliviak eta Paraguaik amaitutzat jo dute 74 urtez izandako muga auzia

Paraguai ibaiak, Atlantikorako sarbide estrategikoak, eta petrolioak eragin zuten arazoa

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2009ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Boliviak eta Paraguaik partekatzen duten mugan gertatu zen 1932an Latinoamerikan XX. mendean izan den sarraskirik handiena: Chaco gerra. 1935ean amaitu ziren hilketak, baina mugaren auziak 74 urte iraun du, atzo arte. 1938ko bake akordioa aintzat hartuta landu du berriki txostena bitariko batzorde batek, eta Argentinak gidaturik, hitzarmenaren bermatzaile izan dira Brasil, Txile, AEBak, Peru eta Uruguai. Atzo sinatu zuten akordioa Evo Morales Boliviako presidenteak eta Fernando Lugo Paraguaikoak, eta amaitutzat jo bi herrien arteko auzia.

Chaco Boreal eskualdearen kontrolak eragin zuen Chaco gerra 1932an, Paraguai ibaiaren leku estrategikoak, Ozeano Atlantikorako atea baitzen. Itsasorik ez duten Latinoamerikako herrialde bakarrak dira Bolivia eta Paraguai, eta estatu arazoa zen Boliviarentzat Paraguai ibaiarena, Pazifikorako sarrera galdua baitzuen 1879tik Txilerekin izandako gerraren ondorioz. Paraguairentzat, berriz, Chaco Boreal preziatua izaten hasi zen, petrolioa egon zitekeela uste zutelako, eta oso garrantzitsua zen, herrialdea ekonomikoki ahul baitzegoen. Hori gutxi balitz bezala, AEBetako, Erresuma Batuko eta Alemaniako petrolio industriek interes handiak zituzten han. Urte batzuk geroago frogatu zuten ez zegoela ustiaketarako ezer baliotsurik.

Harremanak

«Egun historikoa da, oso garrantzitsua Boliviarentzat eta Paraguairentzat, bakerako eta herrien arteko elkartasunerako garaia», esan zuen Evo Moralesek atzo. «Gerra ez zuten Boliviako eta Paraguaiko herritarrek eragin, natur baliabideak ustiatzeko interesak zituzten multinazionalek baizik». Fernando Lugorentzat ere «transzendentala» izan zen atzoko eguna. «Muga irekitze hau zintzoa bada, bi herriok garapenerako bideak zabalduko ditugu, harreman horretan kanpoko inor sartzen ez bada. Zentzu gabeko gerrak petrolio usaina izan zuen, eta Hego Amerikan amaitzen ez ziren interesak egon ziren tartean».

Chaco Borealen egon ziren interesek Latinoamerikako XX. mendeko gerrarik odoltsuena eragin zuten. Erabili zen gerrarako materiala ez dago beste edozein gerrarekin konparatzerik, ezta Malvinetakoarekin ere. Hiru urtean 250.000 soldadu boliviar eta 150.000 paraguaiar borrokatu ziren, eta ia 100.000 pertsona hil ziren, balek baino gehiago, malariak eta ur gabeziak eraginda. Ekonomikoki, berriz, suntsituta geratu ziren bi herriak, eta ordura arte Chaco eskualdearen Boliviako aldean topatutako petrolioa baino gehiagorik ez zegoela frogatu zuten urte batzuetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.