Eskandalu handia lehertu da Bolivian gobernuaren aurka, Poliziak indigenen martxa bat indarrez eten ondotik. Amazoniako 1.500 indigenak martxa bat hasi zuten duela 41 egun, Isiboro Secure Parke Nazionaleko Lurralde Indigenan —Tipnis izenez ezaguna— eraikitzekoa den errepide baten aurka protesta egiteko. Poliziak Yucumo herrian (La Pazetik 300 kilometrora) eginiko oldarraldiak, baina, martxa eten du. Ibilaldiaren Komunikazio Batzordearen arabera, estatuko indarrek haur bat hil dute, eta hainbat lagun, tartean haur gehiago, desagertuta daude. Agintariek akusazio horiek ukatu dituzte. Evo Moralesen gobernuan, dena den, lehenbiziko arrakala sortu du gertatutakoak, Cecilia Chacon Defentsa ministroak dimisioa eman baitu.
Oldartzeko erabakia ezin duela ez «defendatu», ez «justifikatu» erran du Chaconek. «Horrela ez! Herriarekin hitzartu genuen gauzak bertze era batera egitea». Moralesen MAS Sozialismoranzko Mugimendua alderdiko diputatu batzuk jakinarazi zuten martxa eteten saiatuz gero parlamentuan gobernuaren aurkako jarrera hartuko zutela. Oposizioko alderdiek, talde ekologistek eta gobernuz kanpoko erakundeek protestak antolatu dituzte gaurko eta hurrengo egunetarako. Horietan garrantzitsuena, segur aski, COB Boliviako sindikatu nagusiak deitutako greba nazionala da. Gainera, martxako antolatzaileak hegazkinez haien herrietara eramaten saiatu zen atzo Polizia, Amazoniako Rurrenabaque herrian. Sacha Llorenti Barne ministroak jakinarazi du, baina, «ehunka lagunen oldarraldiarengatik», Poliziak buruzagi indigenak askatu behar izan zituela. Martxa ahal bezain azkar berrekiteko asmoa agertu dute horiek.
Bertsio kontrajarriak
Martxaren antolatzaileen eta gobernuaren bertsioak aski ezberdinak dira, bai gertatutakoaren inguruan, bai jatorrizko arazoari buruz. Iragan larunbatean tentsio une larriak bizi izan ziren, indigenek David Choquehuanca kantzilerra ordubetez atxiki zutelako, eta martxan parte hartzera behartu. Antolatzaileekin biltzera bidalia zuen gobernuak Choquehuanca. Llorentiren arabera, biharamunean fiskal batek Poliziari Yucumon esku hartzeko eskatu zion, gobernuaren aldeko nekazari taldeak baitzeuden han, martxari bidea oztopatzeko esperoan. Llorentiren arabera, hainbat indigenek arku eta geziekin eraso egin zieten poliziei, eta horiek orduan oldartu ziren. Telebistako irudietan poliziak agertu dira atxilotuei ahoa zinta itsasgarriarekin tapatzen eta eskuak lotuta zituztela arrastaka eramaten. Gehiegikeriak egin badituzte poliziak zigortu eginen dituztela hitz eman du Llorentik.
Rolando Villena arartekoaren arabera, ordea, indigenak afaltzear zeudela eraso egin zien Poliziak, negar eragiteko gasa jaurtiz eta borrekin kolpatuz. Oldarraldian hainbat haur gurasoengandik banandu zirela diote martxaren antolatzaileek, eta hainbat lagunek oihanera ihes egin zutela. Haien arabera, haur bat hil zuten eta 40 lagun desagertuta daude.
Eskuinaren itzala
Tipnisen eraiki beharreko errepideak sortu du gatazka. Hango indigenak, aimarak, kexu dira erreserba ekologikoa suntsitu dezakeelako, eta koka ekoizleen ezarpenari bidea ireki. Gobernuak dio, baina, Amazonian zokoratutako eskualdea «integratu» eginen duela. Llorenti Barne ministroak, gainera, Gonzalo Sanchez de Lozada presidente ohi eskuindarraren laguntzaileei leporatu die gobernuaren aurkako martxa sustatzea, haren Atzerri ministrorde izandakoaren abokatu bulegoa baita martxaren antolatzaileen ordezkaria.
Boliviako Gobernua salatu dute indigenen martxa bat bortizki oztopatzeagatik
Martxaren deitzaileek diote hildakoak eta desagertuak daudela; gobernuak, ordea, ukatu egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu