Boliviako presidentea izandakoa atxilotzeko agindua eman dute

Auzitegi Gorenak 2003an 63 pertsona hiltzeaz akusatu du Gonzalo Sanchez de Lozada

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2007ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Gonzalo Sanchez de Lozada Boliviako presidentea izandakoak 2003an 63 pertsona hiltzeaz akusatu du Auzitegi Gorenak, eta laguntzaile izatea leporatu haren Gobernuko Defentsa ministro Carlos Sanchez Bersaini eta Hidrokarburo ministro Jorge Berindoagueri. Atxilotze-agindua eman du hirurentzat. Sanchez de Lozada bi aldiz izan da Boliviako presidente (1993-1997 eta 2002-2003), eta bere agintaldiko azken urtean gertatutakoetan genozidioa egitea leporatu diote, eta beste zortzi delitu. Gaur egun hirurak AEBetan bizi dira.

Hezkuntza eta osasun proiektuak finantzatu nahi izan zituen Sanchez de Lozadak bere bigarren agintaldian, eta horretarakoAEBetara gasaren esportazio proiektu handia bultzatu nahi zuen. AEBetara gasa eramateko Txileko portuetatik egin nahi zuen gainera -boliviar askok Txile mespretxatzen dute Pazifikoko Gerraz geroztik-.Ordurako jada Bolivian zegoen krisia areagotu egin zuen proiektu horren egitasmoak, eta manifestazio asko egon zen 2003an Bolivian zehar. Protestek hartu zuten neurria ikusita errepresio gogorra ezarri zuen Sanchez de Lozadak eta hildako asko egon ziren, batez ere El Alto hirian, eta gertaerak Gobernuaren banaketa eragin zuen. Kargua uztera derrigortu zuten.

Gertaera harengatik hiru gobernukide ohiak auzi-ihesean daudela esan du Auzitegi Gorenak, eta ondorioz, «atzemate agindua» ezarri dute hiruren kontra. AEBetan bizi dira 2003ko urriaren 17az geroztik, euren karguei uko egin ondoren, eta Fiskaltzak lehen aldiz prozesua Auzitegi Gorenean aurkeztu zuenean euren defentsari uko egin zioten. Evo Morales presidenteak egin zuen akusazioa, 2004an, diputatu zenean. Hain zuzen, Sanchez de Lozadaren azken legealdian %2ko tartea soilik atera zion Moralesi, eta Sanchez de Lozadaren kontrako akusazioa 2005eko kanpainan erabili zuen Moralesek.



ONDASUNEN MIAKETA. Auzitegi Gorenak hiru akusatuen datuak publiko egiteko ere agindu du haiek bilatzeko eta atzemateko. Bolivian dituzten ondasun hipotekarioak miatuko dituzte. Horrez gainera, hiru abokatu publiko izendatu ditu haien defentsa egiteko, auzi-ihesean daudenez, ez baitago aukerarik delituak balio gabe gerat daitezen.

Atxilotze-agindua publikatu ondoren, Boliviako Poliziak Interpolera bidaliko ditu datuak. Milton Mendoza fiskalaren arabera, hurrengo urratsa izango da AEBetako Justiziari laguntza eskatzea haien kontrako agindua bete dadin. Prozesua geldirik egon da orain arte, AEBetako Estatu Departamenduak ez baitzien akusatuei epaiketarako deialdiajakinarazten. Evo Morales presidenteak askotan salatu izan du AEBen jarrera, Boliviako Justiziarekin elkarlanean ez aritzeagatik.

Prozesua berriz ere martxan jartzeko ekimena giza eskubideen taldeen eta sindikatuen eskutik etorri da. Haiek arduratu dira akusazioaz eta Evo Morales presidentearen babesa izan dute.

Orain arte akusatuek adierazi izan dute ez direla Justiziaren aurrera agertuko, alderdikeriarik gabeko epaiketa izateko nahikoa bermerik ez dagoela-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.