Boliviaren zatiketa areagotu du erreferendumak

Evo Morales presidentea, presidenteordea eta bost gobernadore, oposizioko lau tartean, berretsi dituzte karguan

Kristina Berasain Tristan.
2008ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Felipe Quispe El Mallku -aimaraz kondorra- buruzagi indigenak behinola aipatu zuen bitan zatituta dagoela Bolivia. Eta erreferendumak areagotu egin du mendebaldearen eta ekialdearen arteko polarizazio historiko hori. Evo Morales presidenteak 2005. urteko abenduko bozetan baino sostengu zabalagoa jaso du igandeko erreferendumean, betiere, inkesten arabera -Hauteskundeen Auzitegi Nazionalak zazpi eta hamar egun artean beharko ditu behin betiko emaitzak jakinarazteko-. Herritarren %56,7 eta %60,1 artean berretsi dute karguan, zundaketek diotenez, presidentea -hauteskundeetan botoen %53,7 eskuratu zuen-. Alvaro Garcia Linera presidenteordeak ere herritarren babesa lortu du galdeketan.

Boliviak dituen bederatzi eskualdetako zortzi gobernadoreen etorkizuna ere jokoan zegoen galdeketan eta oposizioak ere herritarren babesa jaso du, bereziki, ekialdeko eskualdeetan. Bost gobernadore, tartean oposizioko lau, karguan berretsi dituzte: Pando, Santa Cruz, Beni, Tarija -oposizioa- eta Potosikoa. Beste hiru gobernadoreak, berriz, ez dute nahikoa boto eskuratu karguan jarraitzeko: La Paz eta Cochabambako oposizioko prefetek eta ofizialista den beste bat: Orurokoa. Chuquisaca eskualdean berriki egin zituzten bozak eta horregatik ez dute bertan erreferendumik egin -oposizioko indigena bat irabazi zuen-.

Evo Moralesek batasunerako deia egin du inkesten aurreneko datuak jakin eta berehala: «Boliviarrak batzea inportantea dela ziur gaude, hiriko eta landa eremuetako sektore ezberdinak batzea, ekialdea eta mendebaldea».



Oposizioaren diskurtsoa

Oposizioko prefetek, alta, euren diskurtsoa zorroztu dute eta diktadoretzat jo dute Morales. Ruben Costas Santa Cruz eskualdeko gobernadoreak egin ditu adierazpen gogorrenak: «Askatasunak totalitarismoa gailendu du; aimaren fundamentalismoa». Mario Cossio Tarija eskualdeko prefetak, berriz, ekainean bozkatutako autonomia estatutua indarrean jarriko duela iragarri du.



Gobernadoreak

OFIZIALISTAK

Oruro. Luis Alberto Aguilera

Potosi. Mario Virreina



oposiziokoak

La Paz. Jose Luis Paredes

Pando. Leopoldo Fernandez

Beni. Ernesto Suarez

Cochabamba Manfred Reyes

Santa Cruz. Ruben Costas

Tarija. Mario Cossio

Chuquisaca. Savina Cuellar (ez dute erreferendumik egin)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.