Luiz Inacio da Silva Lula-k auzitegien agindua bete eta ez aurkeztea erabaki zuenean, hark izendatu zuen Fernando Haddad lehendakarigai. Baina Haddad ez zaio gailendu Jair Bolsonaro eskuin muturreko hautagaiari. Bolsonaro izan da nagusi Brasilgo presidentetzarako bozetan (%46,05), eta Haddad bigarren lekuan gelditu da (%28,8). Biak lehiatuko dira urriaren 28an egingo duten bigarren itzulian, eta, hainbat inkestaren arabera, berdinketa gerta daiteke —lehen itzulian 13 hautagai zeuden—.
Polarizazio handia zegoen, eta espero zen bi hautagai horiek lortzea babesik handiena. Nolanahi ere, handia izan da abstentzioa ere (%20,3), eta Haddadek hor ere landu beharko ditu eskuin muturrari nagusitzeko behar dituen botoak. 2002tik izan den abstentziorik handiena izan da atzokoa, nahiz eta botoa ematea derrigorrezkoa den Brasilen.
Bolsonarok 21 urte (1964-1985) iraun zuen diktadura militarraren alde hitz egin du, eta adierazpen arrazistak, matxistak eta homofoboak egin ditu kanpainan.
Haddadek, berriz, langileen botoak bereganatzeko ahalegina egin du. Haien eskubideak jarri ditu erdigunean kanpainan, eta agindu du pobreziaren, injustizia sozialen, desberdintasunen, enplegurik ezaren eta diskriminazioaren kontra borrokatuko dela presidente aukeratzen badute. Izan ere, pobrezia da Brasilek duen arazorik larrienetako bat.
Lulak izendatu bazuen ere, Haddadek ez du lortu hark bezainbesteko babesik. Inkestek hauteskundeetako garailetzat jotzen zuten Lula aspaldidanik, baina preso dago. Ustelkeria eta diru garbiketa leporatuta, hamabi urteko kartzelaldia ezarri zion Auzitegi Gorenak. Aurkezteko asmoa zuen, halere, baina Hauteskunde Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi zuen hautagaitza.