Brasilgo bozak

Bolsonaro ultraeskuindarra izango da Brasilgo presidentea

Botoen %55,21 lortu ditu PSL Alderdi Sozial Liberalaren hautagaiak, eta %44,79 PT Langileen Alderdiko Fernando Haddadek. Michel Temer eta Donald Trump presidenteek jada zoriondu dute Bolsonaro.

Bolsonaroren jarraitzaileak, garaipena ospatzen. ANTONIO LACERDA, EFE.
2018ko urriaren 29a
07:38
Entzun

"Brasil leku garrantzitsu batean utz dezakeen gobernu bat izaten hasiko gara", esan du Bolsonarok (Sao Paulo, 1955) bozetako emaitzen berri jakin ondoren, eta "hartutako konpromiso guztiak" beteko dituztela agindu du. Ziurtatu du "demokrazia eta konstituzioa" defendatuko dituela, eta "komunismoarekin zerikusia" duen guztia alde batera uztearen garrantzia nabarmendu du: "Ez da alderdi baten promesa, ez da gizon baten hitza, Jainkoaren aurrean egindako zina da".

Azken inkestek haren garaipena iragartzen zuten, eta azkenean dezenteko tartea lortu du: 11 milio boto ingururena. Brasildarrek ia bi hamarkadatan lortu dituzten eskubide zibilak eta politikoak suntsitzeko asmoa du Bolsonarok, bozen aurretik argi utzi duenez.

Militar ohia da PSLko hautagaia, eta Brasilgo azken diktadura goratu izan du. Jarraitzaileak kalera irten dira ospatzera, eta militarrak ere ibili dira haiekin desfilatzen. MST Lurrik Gabekoen Mugimenduak salatu du, emaitzen berri zabaldu bezain laster, "erasoak" jasan dituztela mugimendua nagusi den haranetan.

Hainbat agintarik zoriondu dute jada Bolsonaro. Oraindik Brasilgo presidente den Michel Temerrek zoriondu du, esaterako. "Hauteskundeen ondoren, garaia da guztiok, bat eginda, Brasilen alde egiteko". PSLko hautagaiak jakinarazi duenez, AEBetako presidente Donald Trumpek ere zoriondu du telefono bidez, modu "oso lagunkoian".

Haddad: "Adorea"

PT Langileen Alderdiko Fernando Haddad (Sao Paulo, 1963) hautagaia zuen parez pare bigarren itzuli honetan, baina, botoen %44,79 lortuta, ezin izan du Bolsonaro gainditu.

Emaitzak onartu, eta eskerrak eman dizkie Haddadek botoa eman dieten guztiei: "Gizartearen parte adierazgarria da, eta errespetua merezi du. Brasilentzat beste proiektu bat dute buruan, eta aitortza merezi dute", esan du. "Probokazio eta mehatxurik" ez onartzeko deia egin du PTren hautagaiak: "Oposizioa egiteko ardura dugu, interes nazionalak eta Brasilgo herri osoarenak guztiaren aurretik jarriz".

"Arbasoei" ere eman dizkie eskerrak Haddadek: "Adorearen balioa erakutsi zidaten, eta justizia defendatzen, edozein preziotan". PTko hautagaiak gogora ekarri du Brasilgo erakundeak "proban" jarri dituztela une oro: Dilma Rousseff presidentea kentzean eta Lula da Silvaren auzian, esaterako. "Burujabetza nazionala eta demokrazia, guk ulertzen ditugun gisan, gu guztion gainetik daude. Brasildarron ondare hori lapurtu nahi dutenengandik defendatu behar dugu geure burua".

Erreakzioak

Nazioarteko agintarien erreakzioak ere hasi dira, Bolsonararen garaipenaren ondoren. Evo Morales Boliviako presidenteak, esaterako, bozetako garailea ez ezik brasildarrak ere zoriondu ditu, hauteskundeetako "parte hartze demokratikoagatik". Venezuelako presidente Nicolas Madurok, berriz, "errespetuzko harreman diplomatikoei berriz ekiteko" eskatu dio Bolsonarori.

Europan, Matteo Salvini Italiako presidenteordea eta Frantziako eskuin muturreko RN alderdiko buru Marine Le Pen izan dira aurrenetakoak adierazpenak egiten. Salviniren hitzetan, "are indartsuagoa" izango da orain bi herrialdeen arteko harremana: "Brasilen ere, herritarrek etxera bidali dute ezkerra". Antzeko bidetik jo du Le Penek ere: "Ezker muturreko gobernuen garaian zabaldu diren ustelkeria orokorra eta kriminalitate izugarria zigortu berri dituzte brasildarrek".

Bolsonarok esandakoak

Establishment-aren kontrakotzat jotzen du bere burua Bolsonarok, antisistematzat, nahiz eta ia 30 urtean jardun duen politikan. Horra bozen aurretik esandako batzuk:

"Behin, quilombola batera joan nintzen [afrikar esklaboen oinordekoak bizi dira], eta meheenak zazpi arroa pisatzen zuen. Ez dute ezer egiten. Ez dut uste ugaltzeko ere balio dutenik. Mila milioi dolar baino gehiago gastatzen ari gara urtean haiekin".

"Ez du merezi bortxatua izatea [Maria del Rosario diputatuari buruz], oso gaiztoa delako, oso itsusia delako; ez da nire gustukoa. Ez naiz bortxatzaile bat, baina, izango banintz, ez nuke sekula bortxatuko, ez duelako merezi".

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.