Lehenengo informazioen arabera, hemezortzi pertsona zauritu dira Beiruteko Beir el-Abed auzoan bonba-auto batek eztanda eginda. Libanoko segurtasun zerbitzuek azaldu dutenez, Hezbollah milizia xiitak kontrolatzen du hiriaren inguru hori, eta, hori dela eta, talde horren gotorlekutzat dute. Eztandak eragindako zauritu eta hildakoen kopuruak aldakorrak dira informazio iturrien arabera: batzuek hamabost zauritu daudela baieztatu dute, eta beste batzuek, hildako bat eta hogei zauritu. Hildakoa bonba-autoa zegoen aparkalekuko langilea da: ospitalean hil da, larri zaurituta eraman ostean; hogei zauritu horietatik bat oso larri dago.
Hezbollaheko parlamentari Ali Ammarrek esan duenez, "arerio israeldarraren aztarna" darama, "argi eta garbi", euren aurka egindako erasoak.
Merkataritza gunea da Beir el-Abed, eta Ramadanaren aurreko eguna izanik, jende ugari zebilen bertan. Aparkaleku batean zegoen autoak egin du eztanda, eta agintariek inguru horretatik urruntzeko eskaera egin die hiritarrei. Inguruan zituen autoak erre eta galera materialak eragin ditu bonbak. MTV telebista katearen arabera, bonba-autoak eztanda egin duenean fededun xiitak errezatzen ari ziren.
Oraindik eztandaren nondik norakoak argitu ez badituzte ere, Siriako gerran Hezbollaheko milizianoek hango erregimenaren tropen alde esku hartzeak tentsioak sortu ditu Libanoko alderdi politikoen artean. Aurten Beir el-Abed auzoak jasan duen bigarren erasoa da honako hau —maiatzean izan zen beste erasoa, eta inork ez zuen bere gain hartu horren erantzukizuna—.