Auzi kurduaren irtenbidea soilik bide demokratiko eta baketsuetatik helduko dela defendatzen du Roj Welap PKK Kurdistango Langileen Alderdiko gerrillariak. Turkiak, bitartean, indarkeria eta konfrontazioa sustatzen dituela azaldu du, eta Ankaratik jasotako erasoen aurrean defendatzeko eskubidea dutela aldarrikatu du.
Azken hilabeteotan gatazka gogortu egin da PKKren eta Turkiaren artean. Zein da Kurdistango giroa?
Abdulla Ocalan PKK-ko burua hainbatetan saiatu da prozesu demokratiko bat martxan jartzen, auzi kurduari irtenbide politiko bat emateko, baina Ankarak ez ditu sekula kurduen aurkako erasoak eten, eta horrek Kurdistango giroa geroz eta gogorragoa izatea eragiten du. Kurduen bakerako grinari errepresioarekin erantzuten baitio Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak. Ekaineko hauteskundeez geroztik, gainera, gerra deklaratu digu kurduoi, bere aurpegirik faxistena erakutsi digu Erdoganek. Militarki, politikoki, sozialki eta ekonomikoki eraso egiten ari zaizkigu.
PKK-k azken bi hamarkadatako erasorik handiena egin zuen herenegun Turkiako segurtasun indarren aurka.
Esan bezala, azken hilabeteotan agintean dagoen AKP Justizia eta Garapenerako alderdiak errepresioa handitu du kurduon aurka. Hori horrela, bonbardaketak eta eraso militarrak eguneroko kontu bilakatu zaizkigu, zoritxarrez. Kandil mendien inguruan, esaterako, eraso latzak jasan ditugu azken hiru egunotan. Gainera, Turkiako Legebiltzarrak mugaz gaindi operazioak egiteko legea onartu berri du errepresioa are gehiago gogortzeko. Erabaki eta eraso horien ondorioz ekintza iraultzailea egin du PKK-k Turkiako armada kolonizatzailearen aurka. Borrokak amaitu ez direnez, ez ditugu operazioaren emaitzak eskuetan, baina oraingoz gerrillariek 100 soldadu eta poliziatik gora hil dituztela baieztatu dezakegu.
Zein da Erdoganen aldetik espero duzuen erantzuna?
Betikoa. Indarkeria gehiagorekin erantzungo du, eta erasoak egiten jarraituko du, orain arte bezala. Izan ere, konfrontazio estrategia da AKPrena.
Ocalanek, bestalde, elkarrizketak berriz hasteko eskaera egin berri du, beste behin.
Hala da. 1993tik hainbatetan ahalegindu da Ocalan bake prozesu bat martxan jartzen. Zortzi su-eten iragarri ditu, baina horietan Ankarak berdin-berdin jarraitu du kurduen aurkako erasoak egiten, eta ez du inoiz urrats bakar bat ere eman konponbiderako. Orain ere negoziazio mahaiaren bueltan esertzeko deia egin du PKK-ko buruak, baina beti bezala Ankarak ezezkoa dio.
Berriki, negoziazioak amaitu aurretik, Ocalanek hiru protokolo aurkeztu zizkion Turkiako Gobernuari. Ankarak ez ditu onartu, baina ez du alternatibarik eskaini eta elkarrizketak eten ditu. Bitartean espetxean bakartuta daukate Ocalan, eta ezin du bere abokatuekin ere hitz egin. PKK-ko buruak gerturatzeko eskaera egiten duen aldiro Erdoganen erantzuna berbera da; kurduei gerra deklaratzea euren eskaera demokratikoak ukatuz, eta gatazka handituz.
BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdi kurduak, berriz, Turkiako Gobernuari eta PKKri eskatu die gerra amaitzeko. Eskaera hori bidezkoa iruditzen zaizu?
Ez gara gu izan negoziazioa hautsi dugunak. Gure liderra eta kurduenliderra den Ocalanek maiz esan izan du auzi kurdua auzi soziala dela, eta soilik bide politiko eta demokratikoetatik konpondu ahalko dugula. Baina AKPk indarkeriarekin erantzuten du behin eta berriz, eta guk gure burua erasoetatik babesteko eskubidea daukagu. Erdoganek ez ditu kurduak aitortu nahi eta ez dauka proposamen baketsu edo demokratikorik. Gezurretan dabil lehen ministroa.
Iraken mendeko Kurdistanen, hainbat herritan zibilak kanporatzen ari dira bonbardaketak egiteko. Zein da zibilen egoera?
2007tik aire erasoak sistematikoak izan dira Iraken mendeko Kurdistanen, eta bertako hainbat herri izan dituzte jomuga. AKPren helburua erresistentzia garaitzea da, baina baita kurduen askatasun nahia ere. Azken hilabetean zibilen aurkako erasoak gogortu ditu Turkiak eta hainbat lagun hil dituzte, tartean lau haur eta bi emakumezko. AKPk ez dio ezer hildako horien inguruan, baina horixe da kurduok bizi dugun errealitatea.
Horrez gain, genozidio politikoa ari da egiten Ankara legez kanporatzeekin eta atxiloketa masiboekin.
Roj Welap. PKK-ko gerrillaria
«Bonbardaketak eta eraso militarrak eguneroko kontu bilakatu zaizkigu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu