Theresa Mayren gobernua kinka larrian da. Brexit leuna nahi du Erresuma Batuko lehen ministroak, baina azken 24 orduetan bere gobernuko bi ministrok dimisioa eman dute, eta beste goi kargudun batek ere dimititu du. Azkena Boris Johnson izan da, Atzerri ministroa. Brexit-aren defendatzaile sutsuak ez du bat egiten Mayren asmoarekin, eta dimisioa aurkeztu du. Downing Streeteko iturri batek baieztatu du Mayk onartu egin diola.
Johnsonek Mayren asmoen aurka egin du. Hirugarren dimisioa izan da, baina esanguratsuena, ziurrenik. Izan ere, brexit-aren defendatzaile sutsuenetako bat izan da, Vote Leave leloaren buruetako bat. Dimisioa emateko gutunean, argudiatu du Mayren brexit leunarekin Erresuma Batuak ez duela berreskuratuko bere legeen kontrola.
Johnsonen aurretik, David Davisek dimititu egin du, brexit-a negoziatzearen ardura zuen ministroa. Argudiatu du ez datorrela bat Mayk bultzatu nahi duen brexit-arekin. Eta ohartarazi du eredu horrek Europako Batasunaren esku utziko duela "Erresuma Batuko ekonomiaren zati handi baten kontrola".
Davisen erabakiak krisia eragin du Mayren gobernuan, eta May egoerari azkar erantzuten ahalegindu da: Dominic Raab izendatu du brexit-a negoziatzeko Erresuma Batuko ministro berri. Raab Estatu idazkari izan da hainbat ministeriotan, eta brexit gogorraren aldekoa da.
Davisek dimititzeko erabakia plazaratu duen oharrean azaldu duenez, Mayren brexit ereduak botere handiegia onartu dio Europako Batasunari. Ministro ohiak salatu du aduanen eta araudien harmonizazioak eta horrek eskatuko lukeen ondasunen merkataritza librea adosteak "gezurrezkoa" egingo duela Erresuma Batuko Parlamentuaren kontrola. "Ez digu egiaz itzultzen gure legeen gaineko kontrola".
Davisek adierazi du Erresuma Batuaren "interes nazionalerako" beharrezkoa dela Mayren estrategian sinesten duen ministro bat, oker egon ala ez, eta ez "soldadugai mesfidati bat". Alderdi Kontserbadoreko hainbat ordezkarik txalotu egin dute Davisen erabakia. Alderdi Laboristako buru Jeremy Corbynek, berriz, Mayren autoritate falta kritikatu du, eta karguan interes pertsonalengatik jarraitzea leporatu dio.
Cheqerseko bileratik egun gutxira iritsi da Davisen proposamena. Joan den ostiralean, Mayk gobernuko ministro guztiak deitu zituen Chequerseko landetxera, lehen ministroaren udako bizilekura. Guztiek konpromisoa hartu zuten Londresen proposamena bilduko duen liburu zuria babesteko, tartean ahalik eta haustura handiena nahi duten tematienak —Boris Johnson Atzerri ministroa eta Michael Gove Ingurumenekoa, esaterako—, biak ala biak EBtik ateratzea erabaki zuen erreferendumaren arkitekto nagusietakoak.