Ipar Irlanda

Borroka armatua bertan behera utzi du IRAk, eta bide politiko eta baketsuak baino ez dituela hobesten iragarri du

Arratsaldeko lauetatik aurrera (bostak Euskal Herrian) "kanpaina armatua" bertan behera utzi duela jakinarazi du IRA Irlandako Armada Errepublikanoak agiri baten bidez. Taldeko kide guztiei armak alboratzeko eta "bitarteko baketsu hutsen bidez programa politiko eta demokratikoak garatzen laguntzeko" agindu diela zehaztu du IRAren buruzagitzak. Erabaki hori hartzeko "aurrekaririk gabeko" barne eztabaida izan dutela azaldu du talde armatuak, eta prozesu horretan argi geratu dela IRAko kideen artean onarpen zabala duela Sinn Feinen bake estrategiak.

2005eko uztailaren 28a
20:37
Entzun
Aldiz, IRAko kideak ez daude batere gustura bake prozesuaren inguruan Erresuma Batuko zein Irlandako gobernuek eta unionistek izan duten jarrerarekin. Agirian jasotzen denez, taldekide gehienek uste dut erakunde horiek ez dutela behar besteko engaiamendurik agertu bake prozesuarekiko.

Baina zailtasun horietaz jabetu arren, borroka armatua etetea erabaki dutela zehaztu du IRAko buruzagitzak: "helburu errepublikano eta demokratikoetan aurrera egiteko, Irlanda batua lortzeko xedea barne. Zinez uste dugu orain badela hori guztia aktibatzeko eta gure herriaren britainiarren menpekotza amaitzeko bide alternatibo bat", zehaztu dute.

Talde armatuko militanteek urteetan egin duten sakrifiazioa goretsi du IRAk, eta borroka armatua "guztiz zilegia" izan dela nabarmendu du. Era berean, gatazkak sufrimendu ugari eragain duela azpimarratu du, eta alde guztien egitekoa dela orain bake justua eraikitzea.

Bake prozesuko urrats zehatzei dagokiela, bere ordezkariaei Desarme Batzordearekin elkarlanean aritzeko eta desarme prozesua ahalik eta lasterren gauzatu eta egiaztatzeko baimena eman diela zehaztu du IRAren zuzendaritzak. Eliza protestanteko zein katolikoko bina kide "independenteri" desarmearen lekuko izateko gonbidapena egin dietela agertu dute.

IRAkplazaratu duen agiria historikoa da. Gerry Adams Sinn Feineko presidenteak apirilean eskatu zion talde armatuari borroka armatua uzteko, eta gaur iritsi da erantzuna. XX. mendean hasi zuen IRAk Irlanda batu eta independentearen aldeko borroka.

Bake prozesuarekin aurrera jarraitzeko, unionistek eta Dublin zein Londresko gobernuek IRAren erabateko desarmea exijitzen zuten aurrera jarraitzeko; orain, errepublikanoek euren hitza betetzeko eskatuko diete. Justizia, berdintasun eta polizia arloan hitzartutakoak betetzea, eta etorkizunean uhartea batzearen ateak ez ixtea dira bete beharreko baldintzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.