Anaia Musulmanak eta Egiptoko gobernua zerbaitetan ados daude: minutuek aurrera egin ahala, hildako eta zaurituen kopurua gora doa, etengabe. Zifretan, baina, ez datoz bat. Egiptoko behin-behineko gobernuak 525 hildako eta 3.700 zauritu baino gehiago zenbatu ditu; Anaia Musulmanek, berriz, 4.500 hildako izan direla salatu dute, eta zaurituak hildakoak halako bi direla. Hildako gehien Rabea al-Adauiya plazan izan direla baieztatu du Osasun ministeritzak —guztira, 202—. Giroa lasaitu beharrean, Hazem el-Beblaui lehen ministroak jakinarazi du "egoitza publikoen aurka egiten diren erasoei benetako munizioarekin" erantzuteko agindua eman duela.
Atzo goizean Egiptoko armada Rabea al-Adauiya eta Nahda plazetan Mursiren alde antolatutako kanpalekuak sakabanatu zituen. Lanari "negar gasak erabiliz soilik" ekin ziotela ziurtatu zuten, baina lekukoek baieztatu dute su armak erabili zituztela, eta hildako gehienak balen ondorioz izan zirela. Orduek aurrera egin ahala, etengabe hazten ari da hildako eta zaurituen kopurua Egipton, eta egoera lasaitzetik urrun dago, oraingoz.
Armada kanpalekuak sakabanatzearekin bat Mursiren aldeko eta segurtasun indarren arteko istiluek ez dute etenik izan. Erasoei polizia etxeak, elizak eta eraikin publikoak errez erantzun zieten atzo Mursiren aldeko jarraitzaileek: gaur bertan Gizako gobernatze egoitzari su eman dio lagun talde batek, eta poliziak hainbat lagun atxilotu ditu molotov koktelak jaurti ostean. El-Beblauik gaur "ekintza kriminal" horiek gaitzetsi ditu, eta baieztatu du, "irmotasunez" erantzungo duela estatuak "gurtza eraikinen aurka edo kristauen aurka egiten den eraso oro". El-Beblauiren arabera, zazpi eliza erre edo kaltetu ziren atzoko istiluetan.
Atzo behin-behineko gobernuak emergentzia egoera dekretatu zuen herrialde osoan hilabete baterako, eta etxeratze-agindua ezarri zuen hamaika probintziatan, hiri nagusiak tarteko, 19:00etatik 06:00etara bitartean. Horrez gain, gaur goizean Israelgo armadak kontrolatzen ez duen Gazara sarbide bakarra ixteko agindu du gobernuak, zehaztu gabeko denbora batez. Horrez gain, Mursiri 30 egun gehiagoz luzatu dio Egiptok espetxealdia.
Manifestazio gehiago iragarri dituzte Mursiren jarraitzaileek gaurko, eta segurtasun indarrek ziurtatu dute ez dituztela Mursiren aldeko kontzentrazioak onartuko. Atzoko istiluetan 534 lagun atxilotu dituztela baieztatu du Barne ministerioak.
Nazioartea Egiptori begira
Hainbat herrialdetako agintariek deitu dituzte euren herrialdean dauden Egiptoko enbaxadoreak, herrialdean bizi den larrialdi egoeraz hitz egiteko, besteak beste, Alemaniak eta Frantziak. Alemaniako lehen ministro Guido Westerwellek Egiptoko poliziak kanpalekuak desegiteko erabilitako bortxa kondenatu du: "Odol isurtzeak amaitu behar du Egipton, eta gobernuak bere gain hartu behar du manifestazio baketsuak eta manifestari baketsuak babesteko ardura". Westerwellek Egiptoko gobernuari mezua helarazi dio: "Atzo Egipton gertatutakoek ondorioak izango dituzte". Frantziako presidente Francois Hollandek errepresioa berehala geldiarazteko deia egin dio Egiptoko gobernuari, eta gerra zibila saihesteko "bere esku dagoen guztia" egiteko eskatu dio.
Arabiar Ligak "kezka" adierazi du, eta Egipton "egoera zail" horri buelta ematen laguntzeko prest dagoela baieztatu du. Egiptoarrei eta hildakoen senitartekoei doluminak helarazi dizkie, eta era berean, Egiptoko gobernuari dei egin dio herrialdearen "segurtasuna eta egonkortasuna bermatzeko neurriak" hartzeko eskatu dio. AEBetako presidente Barack Obamak, berriz, "Egiptok azken egunotan ikusi duguna baino zerbait hobea" merezi duela adierazi du, eta "bortxa zikloari amaiera" eman behar diola ohartarazi du Egipto.
Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdoganek Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren "berehalako" bilera egitea eskatu du, Egipton gertatzen ari den "sarraskiaren" harira. Erdoganen ustez, "sarraskiaren aurrean isilik geratzen direnek, hori eragin dutenek bezainbesteko errua dute". Horregatik, Segurtasun Kontseilua "ahalik eta azkarren" biltzeko deia egin du prentsaurreko batean. Navi Pillay NBE Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideen goi mandatariak gatazkaren bi aldeei eskatu die "pauso bat atzera" emateko eskatu die, "herrialdea hondamenetik salbatzeko". "Hildako eta zaurituen kopuruak, iturri ofizialek ematen dituztenei erreparatuta ere, manifestarien aurkako gehiegizko bortxa, are gehiago, muturrekoa erabili dela baieztatzen dute", adierazi du Pillayk.
NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek Egiptoko agintariek kanpalekuak indarrez desegin izana arbuiatu zuen atzo, eta egiptoarrei dei egin zien "guztiak barne hartuko dituen" adiskidetze prozesua hastera. Banek adierazi zuenez, "ez alde bateko ez besteko bortxa ez da Egiptok pairatzen dituen arazoei erantzuteko modua".