Mundua

Bosniako zazpi militar ohi serbiar zigortu dituzte Srebrenicako sarraskiagatik

1995ean egun batean 1.000 bosniar musulman hil zituztela frogatutzat jo du Sarajevoko Gerra Krimenetarako Auzitegiak

2008ko uztailaren 29a
18:45
Entzun
Bosniako zazpi soldadu nahiz polizia serbiar zigortu dituzte Srebrenicako sarraskian parte hartu zutelako. Bi urte iraun duen epaiketaren buruan, Sarajevoko Gerra Krimenetarako Auzitegiak Srebrenican (Bosnia-Herzegovina) 1995eko uztailean indar serbiarrek eginiko triskantzan esku hartu zutela frogatutzat jo du. Urte hartan, astebetean 8.000 gizon eta mutiko bosniar musulman exekutatu zituzten Bosniako milizia eta soldadu serbiarrek, baina Sarajevoko auzitegiaren ebazpena egun bateko triskantzari dagokio, 1.000 bosniar musulman hil zituztenekoari.

11 lagun auzipetu zituzten Sarajevoko Gerra Krimenetarako Auzitegian, haiei genozidioa leporatuta, baina horietako lau errugabetu dituzte.Beste zazpi militar ohiei, aldiz, 38 eta 42 urte arteko kartzela zigorrak ezarri dizkiete. "Akusatuek bazekiten gizonezko bosniar musulmanak hilda, Srebrenicatik bosniar musulmanak behin betiko akabatzeko ekimenean parte hartzen ari zirela", azaldu du Hilmo Vucinic epaileak. Zazpi militarrek 1.000 bosniar musulman baino gehiago bereizi zituzten beren familiengandik, eta Kravica herrian biltegi batean bahituta eduki ondoren, egun bakar batean exekutatu zituzten.

Bosniako serbiarren errepublika (Errepublika Srpska deitua) agintari izandako Radovan Karadzic -urteetan sasian ibili ondoren- atxilotu eta egun gutxira zigortu dituzte zazpi bosniar-serbiarrak. Karadzici Srebrenicakoa eta beste gerra krimen batzuk egin izana leporatzen diote.

Iragan apirilean lau paramilitar serbiar zigortu zituzten sarraskiagatik, beste epaitegi batean. Uztaila hasieran, aldiz, Hagako lehen auzialdiko epaitegiak ebatzi zuen Nazio Batuen Erakundeak immunitatea duela Srebrenican, Bosniako gerran, herritar musulmanek jasan zuten genozidioari dagokionean.

Serbiar miliziek 8.000 musulman hiltzea ez eragoztea leporatzen diete bosniarrek NBEri eta horiek babesteko ardura zuten Herbehereei -bertakoak ziren Srebrenica zaintzen zuten kasko urdinak-. Epaileek Srebrenicako amak izeneko taldeak jarritako helegitea atzera bota zuten uztailaren 10ean. Halere, Herbehereen aurkako auzibidea irailean jarraitu ahalko dela argitu zuten ebazpenean.

Lehenago ere izan zen zigorrik

Joan den apirilean, Gerra Krimenetarako Serbiako Auzitegiak orotara 58 urteko kartzela zigorrak ezarri zizkien lau paramilitar serbiarri, Srebrenican 1995eko uztailean sei bosniar musulman exekutatzeaz akusatuta. Talde paramilitar bereko (Eskorpioiak) beste akusatu bat errugabetu zuten. Zigorrik gogorrenak Slobodan Medic eta Branislav Medicentzat izan ziren, hogeina kartzela urte.

Auzitegiaren iritziz, paramilitar serbiarrok sei bosniar musulman torturatu eta hil zituzten 1995eko uztailaren 16a eta 17a bitartean, Srebrenica ondoko Trnovo herrian.

Lehen aldia izan zen Serbiako auzitegi batek Srebrenicako sarraskiagatik norbait epaitzen zuena. II. Mundu Gerratik Europan izandako sarraskirik handiena izan zen hura; indar serbiarrek 8.000 gizon eta gaztetxo musulman hil zituzten. Apirilean epaitutakoak 2005eko ekainean atxilotu zituzten, hilketaren bideo bat zabaldu ondoren. Bideoa beren kide batek grabatu zuen, eta bertan akusatutakoak ageri ziren, gazteak exekutatu aurretik hauek iraintzen.

The New York Times kazetaren arabera, NZA Nazioarteko Justizia Auzitegiak Serbiako estatua Bosnia-Herzegovinako gerran (1992-1995) ustez eginiko genozidio delituengatik errugabetu izana «osatu gabeko informazioetan oinarritzeari» zor zitzaion. "NZAk ez zituen Bosniako gerra krimenaz dauden artxibo guztiak kontuan izan, eta batzuk baztertu zituen".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.