Bost botoko aldearekin irabazi du Prodik konfiantza mozioa Senatuan

Ordezkarien Ganberako bozketa gainditu behar du bihar Prodik, baina han gehiengoa aldekoa du

arantxa elizegi egilegor
2007ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Batzuk zalantzan jartzen zuten arren, Italiako lehen ministro Romano Prodik irabazi egin zuen atzo Senatuko konfiantza mozioa. Aldeko 162 boto, eta aurkako 157 jaso zituen. Senatuan berez 315 senatari dauden arren, atzokoan bizi osorako senatari kargua duten zazpi buruzagiek ere bozkatu zuten. Dena den, bihar Prodik Ordezkarien Ganberako bozketa irabazi behar du, lehen ministro karguari eutsi ahal izateko. Baina han abantaila du, diputatuen erdiak baino gehiago haren aldekoak direlako. Aurretik, Prodik berak nabarmendu du koalizioak akordio sendoa lortu duela: «Aurrera egiteko erabaki sendoa hartu dugu».

Senatuan lehen ministroaren atzerri politika bozkatu zutenean, joan zen astean, bi legebiltzarkide komunista, Fernando Rossi eta Franco Turigliatto, abstenitu egin ziren. Ondorioz, bozketa galdu zuen Prodik eta dimisioa eman zuen. Giorgio Napolitano presidenteak, ordea, ez zuen haren dimisioa onartu, eta konfiantza mozioa deitzeko eskatu zion.

Joan zen astean ez bezala, Rossiren eta Turigliattoren aldeko botoa jaso du oraingoan lehen ministroak. Era berean, haren alde bozkatu dute Silvio Berlusconirekin presidenteorde izandako Marco Follinik ere. Bizi osorako senatari karguak dituztenen sostengua izan da hala ere garaipena eman diona. Horien artean bakarrak bozkatu du aurka, Francesco Cossigak.



IZATEZKO BIKOTEEN AUZIA. Bozkatu baino minutu batzuk lehenago hasi ziren azaleratzen senatarienjarrerak. Giulio Andreottik, hil arteko senatari kargua duenak, esaterako, iragarri zuen ez zela joango bozketara. Prodi izatezko bikoteen eskubideak onartzearen alde agertu zen joan zen astean, baina horrek hainbat kritika eragin zituen, batez ere demokristauen artean. Hori dela eta, herenegungo hitzaldian ez zuen gaiari buruzko aipamenik egin. Atzo, baina, galdera egin ziotenean, erantzun zuen bere lana egitasmoa aurkeztea zela, eta hortik aurrerakoak Legebiltzarrean eztabaidatu beharrekoak zirela. Horrek Andreottiren haserrea eragin zuen.

Hark ez bezala, Refundazione Comunistako kide Franco Turigliattok iragarri zuen Prodiren alde bozkatuko zuela, baina Afganistanerako aurrekontua eztabaidatzen zutenean, aurka egingo zuela.

Izatezko bikoteen auzia eta Afganistango gatazka izan dira hain zuzen koaliziokideen kritikak eragin dituztenak. Asko dira herrialde hartatik erretiratzeko garaia iritsi dela uste dutenak. Baina Prodi han jarraitzearen aldekoa da, eta Afganistanera bideratutako aurrekontua handitzeko eskatu dio Legebiltzarrari. Bestalde, Italiako hauteskunde legea aldatzeko asmoa ere berretsi du Romano Prodik, eta horretarako alderdi guztien elkarlana eskatu du.



ProDIren GoBernua

%40

Inkesta. Italiarrek ez dute itxaropen handirik Romano Prodiren gobernu berrian. Corriere della Sera-k atzo kaleratu zuen inkestaren arabera, herritarren %40ren iritziz, hilabete gutxi batzuk soilik iraungo du exekutiboak.





Hauteskunde sistema

jomugan
Bozak galdu baino hilabete batzuk lehenago aldatu zuen Berlusconik legea, Prodiren garaipena zailtzeko; orain hark berriz aldatu nahi du.
a. e.

Protesta eta liskar ugari eragin ditu Italian hauteskunde sistemak. Lehen aldiz, 2000. urtean aldatu zuten, herritarrek hala eskatuta. Sistema proportzionala zegoen aurretik. Horren bidez, ordea, alderdi txikiek protagonismo handia lortzen dute, handien kalterako, eta horrek arazoak eragiten dizkio Gobernuari erabakiak hartzeko garaian. Horrek krisi politiko ugari eragin ditu. Ondorioz, aldaketak egin zituzten legean, eta boto gehien lortzen duen alderdia hobesten duen sistema ezarri zuten. Silvio Berlusconi kontserbadorea zegoen agintean.

Erreforma hark alderdi handiei egiten zien mesede, txikiak baztertuz, eta hori komeni zitzaion garai hartan Berlusconiri. Era berean, herritarren oniritzia ere lortu zuen buruzagi kontserbadoreak, haiek ere aspertuta zeudelako krisi politikoez.



BERLUSCONIREN AZKEN ZIRIA.Berlusconi ez da inoiz izan besoak gurutzatuta geratzen diren horietakoa. Italiako pertsonarik boteretsuenetariko bat izanik, ez zegoen prest lehen ministro kargua galtzeko Romano Prodiren aurrean. Ez behintzat borrokatu gabe. Horiek hala, 2006ko bozak baino hilabete batzuk lehenago, Hauteskunde Legea aldatu zuen, «demokratikoagoa» zela argudiatuta. Benetako asmoa, ordea, Prodi garaitzea zen. Hala, sistema proportzionalera itzuli ziren italiarrak.

Forza Italiako buruzagiaren neurrira egindakoa da sistema proportzionala. Horren arabera, hautesleek koalizio bakoitzeko zein alderdiri bozkatu nahi dioten aukeratzen dute. Iaz bi koalizionagusi zeuden: Prodiren L'Union eta Berlusconiren Askatasunen Etxea. Arazoa da, ordea, sistema horrek bi koalizio handien arteko aldea murrizten duela, eta posible egiten duela ganbera bakoitzeko gehiengoa desberdina izatea. Era berean, alderdi txikiek ere ordezkaritza handiagoa lortzen dute, eta hori kaltegarria da agintean dagoenarentzat, alegia, Prodirentzat.

Orain legea berriz aldatuko duela iragarri du lehen ministroak. Bi helburu lortu nahi ditu horrekin: Gobernuarekin kritikoak direnak bereganatzea, eta Berlusconiren erabakiak eragindako egongaiztasuna amaitzea. Justizia ministro Clemente Mastellak, ordea, baldintza bat jarri du horretarako: «Hauteskunde Legea erreformatzearen alde gaude, eta alderdi handiak errespetatzea nahi dugu, baina baita alderdi txikiak ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.