Mahomaren karikaturak

Bost dira Mahomaren karikaturen aurkako protestetan hildakoak

Islama erlijio nagusia den beste leku askotan bezala, Afganistanen liskar handiak izan dira Mahomaren karikaturak argitaratu dituztela-eta egindako manifestazioetan. Afganistango Mehtarlam hirian, Poliziak tiro egin die manifestariei: haietatik bi hil egin dira. Kabulen AEBk duen base militar nagusian egondako liskarretan, berriz, beste bi manifestari hil dituzte, eta Somaliako iparraldean beste bat. Libanon 300 lagun atxilotu dituzte.

2006ko otsailaren 6a
18:55
Entzun
Bost dira jada Mahomaren karikaturak argitaratu dituztela-eta egindako manifestazioetan hildakoak. Lau Afganistanen eta bat Somalian. Afganistanen, iturri ofizialek agertu dutenez, manifestariak Mehtarlamgo polizia etxe bat erasotzen hasi dira, eta orduan oldartu dira segurtasun indarretako kideak protestan ari zirenen aurka. Tiro egin diete eta bi manifestari hil dira: bat istiluak gertatu diren lekuan bertan, eta beste bat erietxean. Era berean, hiru pertsona zaurituta daude. Kabulen ere, AEBk duen base militarraren aurrean, milaka lagun elkartu dira protesta egitera, eta bi dira liskarretan hildakoak, baina iturri ofizialek ez dute argitu nola gertatu diren hilketak. Esan dutenez, AEBetako Armadak ez du haietan parte hartu.

Somalia iparraldean, Bossason, Nazio Batuen Erakundearen inguruan manifestatu dira milaka, eta iturri ofizialek diotenez, Poliziak harriak jaurtitzen ari zirenen aurka tiro egin eta lagun bat hil du, eta bost zauritu.

Karikaturen auziak haserre handia piztu du Islamaren jarraitzaileen artean, eta azken egunetan protesta handi eta gogorrak izan dira herrialde askotan. Asteburu honetan Sirian eta Libanon karikaturak argitaratzen lehenak izan ziren Danimarkako eta Norvegiako enbaxadei su eman diete. Libanon 300 dira jada atxilotuak, eta erasoetan ustez parte hartu duen jende gehiagoren bila dabiltza Polizia eta Armada.

Gainera, oraingoz, haserreak ez du baretzeko itxurarik hartu.Indonesian, Jakarta hiriburuan eta Surabaja hirian, manifestazio jendetsuak egin dira karikaturen aurka, eta harrika eraso diote leku batean zein bestean Danimarkako egoitza diplomatikoari.

Indiaren mendeko Kaxmirren greba orokorra egiten ari dira auzi hori tarteko dela, eta denda eta lantokiak itxita daude gaur. Thailandian ere manifestazioak egin dira eta Danimarkako banderak hautsi dituzte.

Bien bitartean, EBren Segurtasun eta Politika Batzordeak gaur egin du biharko iragarrita zuen bilera. Karikaturen inguruan sortzen ari den "giro larria" aztertzeko helburua du bilerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.