yemen

Bost eguneko su-etena iragarri du Saudi Arabiak Yemenen

Gaur sartu da indarrean. Larunbatean egin duen azken erasoan, gutxienik 55 lagun hil dira.

Ikastetxe batean leherketak eginiko kalteak. YAHYA ARHAB, EFE
Berria.eus
2015eko uztailaren 25a
10:30
Entzun

Matxino huthien kontrako bonbardaketak eten egingo dituela iragarri du Saudi Arabiak; bost egunetako menia humanitarioa agindu du, astelehenetik hasita. Abdo Rabu Mansur Hadi presidenteak Salman bin Abdelaziz Saudi Arabiako erregeari eginiko eskaeraren ondotik dator su-etena. Sendagaien eta laguntza humanitarioaren banaketa erraztu nahi dute.

Su-etenak, ordea, ez du esan nahi Saudia Arabiak ez dienik militarki erantzungo matxino huthien balizko erasoei. Lehenago ere, uztailaren 10etik 17era, iragarri zuten su-eten humanitarioa, baina ez zuten bete. 

Moc hirian, Yemengo hego-ekialdean, gutxienik 55 lagun hil eta hamarka zauritu dira larunbateko bonbardaketa batean. Martxo amaieran Saudi Arabiaren bonbardaketak hasi zirenetik, 3.000 lagunetik gora hil dira Yemenen. Milioi bat lagunek etxetik alde egin dutela uste da. 

Urte batzuk badira Yemengo Gobernuak ez duela herrialde osoa erabat kontrolatzen. 2011n Ali Abdullah Saleh presidentearen aurkako matxinada gertatu zenetik, estatuko egiturak urtez urte gero eta gehiago ahuldu dira, eta, joan den urte bukaeratik, desegiteko bidean dago Yemengo batasuna. Huthiek Sana hiriburua eta herrialdearen mendebaldeko zati gehiena daukate kontrolpean; aginte alternatibo bat ezarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.