Afganistango Gobernuak jakinarazi du ustezko bost matxino atxilotu dituztela Kabul kanpoaldean 10.000 kilo lehergairekin. Hiriburuan atentatua egiteko asmoa zutela uste du Poliziak. Atxiloketak iragan igandean egin zituzten, eta orain arte isilpean gorde dute, «segurtasun operazioa amaitu gabe zegoelako».
«Pakistango matrikula zuen kamioi batean zihoazen, eta lehergaiak 400 poltsatan jarrita zituzten, patata kiloen azpian ezkutatuta», azaldu du Shafiqullah Tahiri Afganistango inteligentzia zerbitzuetako buruak. Atxilotuetako hiru pakistandarrak direla jakinarazi du Tahirik, eta beste bi, berriz, afganiarrak. Atxilotuek talibanak direla aitortu dutela kontatu du inteligentzia zerbitzuko buruak, eta Kabulen atentatua egiteko asmoa zutela. «Jendetza biltzen den hiriko gune batean zartarazi nahi zituzten lehergailuak», azaldu du.
Bestalde, talibanek Mohammed Khalili presidenteordea hiltzeko erasoa prestatzen ari zirela uste dutela jakinarazi du Tahirik.
Iragan astean, talibanek hainbat eraso egin zituzten Kabulen eta herrialdeko beste hiru eskualdetan, eta, gutxienez, 51 lagun hil zituzten.
Bost lagun atxilotu dituzte Afganistanen 10.000 kilo lehergairekin
Kabulen atentatua egiteko asmoa zuten, ustez; atxilotuetako bi afganiarrak dira, eta hiru pakistandarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu