Gaza inguratzen duen hesiaren inguruan bildu dira manifestariak, eta Israelgo iturri ofizialen arabera, harriekin, lehergailuekin eta granadekin eraso diete inguruan zeuden militarrei. "10.000 manifestari bildu dira hainbat tokitan eta soldaduek istiluen aurkako materialarekin erantzun diete, prozedurei jarraikiz", esan du armadak komunikatu batean.
Enfrentamenduetan bost palestinar hil dira, haietako bi adingabeak. Zaurituak, berriz, ehun inguru dira, eta bi larri daudela ohartarazi dute erietxeko iturriek. Israelen arabera, Gazako iparraldeko gune bat ere bonbardatu dute militarrek, baina ez dute zehaztu zauritu edo hildakorik izan den.
Gazarekin mugan dauden lurretan, berriz, sei sute piztu dituzte Gazatik jaurtitako lehergailuekin. Hamaseko eledun Fawzi Barhumek ohartarazi du gertatutakoa "abisu bat" dela Gaza "mehatxatzen" dutenentzat. Martxoaren 30ean, blokeoaren aurkako eta errefuxiatuen itzuleraren aldeko protestak hasi zituztenetik 189 pertsona hil dira.