Vasip Sahin Istanbulgo gobernadoreak emandako lehen datuen arabera, pertsona bakarra izan da zauritua, eta ez dakite zer dela-eta izan den eztanda. Atilla Aydiner Bayrampasa barrutiko alkateak, ordea, zehaztu du bost direla arin zauritu direnak, eta etxean egindako lehergailu batek eztanda egin duela metro geltoki batetik gertu. Poliziak azaldu du leherketa ikertzen ari dela.
Istanbulgo metro zerbitzua eten egin dute leherketaren ostean, baina berrezarri dute jada. Errepide ugari ere eten dituzte. Yeni Safak egunkariaren arabera, eztandak metro bateko leihoko kristalak hautsi ditu, eta bertatik aterarazi dituzte bidaiariak, badaezpada.
Urriaren 11n, 86 pertsona hil zituzten Ankaran, bi lehergailuk eztanda eginda. Harrezkero, alerta egoeran dago Turkia. Gobernuak Estatu Islamikoari eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiari egotzi zien eraso haren ardura.