Botere goseak guztia gainditzen duenean

GORABEHERA ASKOKO HERRIA. Estatu kolpeen bidez egin dituzte gobernu aldaketa gehienak; azken hogei urteotan Museveni izan da presidente, eta hurrengo bost urteetan ere badirudi bera izango dela agintean

arantxa elizegi egilegor
2006ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Yoweri Musevenik Ugandara «haize freskoa» eramango zuela sinesten zuten Afrikako eta Mendebaldeko buruzagi askok. Hainbat urtez diktadurapean bizi izan zen herrialdera demokrazia eramango zuela uste zuten. Europak 25 milioi dolar ematen zizkion urtero. Musevenik, baina, boterea maite du eta ez dago prest hura nolanahi uzteko. Horregatik, iazko uztailean Konstituzioa aldatzea erabaki zuen: batetik bozetan, aurrerantzean, alderdi bat baino gehiagok aurkeztu ahal izango zuen; baina, bestetik, presidenteak nahi adina agintaldi bete ahal izango zituen.

Musevenik beti defendatu izan zuen nahiago zuela alderdi bakarreko politika, «talde asko dauden kasuan, herrialdea zatitu egiten delako». Era berean, ordea, hauteskundeak justuak zirela defendatzen zuen, nahi zuena aurkeztu zitekeelako, beti ere independente gisa. 1996an egin ziren alderdi bakarreko lehen bozak. Ordurako Museveni zegoen agintean. Tito Okello presidentearen aurkako estatu kolpea jo ostean, 1986an, lortu zuen Musevenik agintea. Erresistentzia Nazionalerako Frontea alderdia buruzagia ere bada egungo presidentea. Hari esker lortu zuen agintea.

Oposizioaren beldur

Musevenik erraz irabazi zituen 1996ko bozak. 2001ean, ordea, Kizza Besigye agertu zen. Presidentearen mediku izandakoa eta Erresistentzia Nazionaleko Frontean harekin batera borrokatutakoa zen Besigye eta orduko bozetan, independente gisa, botoen %31 lortu zituen arren, geroztik jarraitzaile asko bereganatu ditu. Bera da askorentzat aldaketarako bide bakarra. Gauzak horrela, iazko azaroan, hauteskundeetan parte hartzeko asmoz eta Aldaketa Demokratikorako Fronteko buru gisa itzuli zen Ugandare. Besigye agintariek traizioa, gerrillariei laguntzea eta armak edukitzea leporatu zioten. Ondorioz, hura buru duen Aldaketa Demokratikorako Fronteak kanpaina atzeratu egin behar izan zuen, Besigye kartzelatik atera arte.

Oposizioaren aurkako erasoek nazioartearen kritikak eragin zituzten. Europako herrialdeek, esaterako, bertan behera utzi zuten 25 milioi dolarreko diru laguntza. Human Rights Watchek, aldiz, bozak gardenak eta justuak izatea ezinezkoa zela salatu zuen. Hauxe izan zen Museveniren erantzuna: «Nazioarteak gureganako konfiantza galdu badu, konplimendu bat da, zuzen gaudela frogatzen duelako». Ugandako presidenteak talde berezi bat du bere menpe. Haren esanetan, bere segurtasunaz arduratzen da. 10.000 soldadu inguruk osatzen dute. Museveniren eta haren aldekoen arabera, neurri hori beharrezkoa da, hura gerrillarien erasoetatik defendatzeko. Beste batzuen esanetan, ordea, Museveniren armada pribatua da. Duela gutxi, bestalde, Gobernuaren aldeko New Vision egunkaria koronel ohi baten esku geratu da.Hala eta guztiz ere, asko dira oraindik Museveniren aldekoak. Oposizioaren kontrako erasoak bultzatu baditu ere, Ugandako ekonomia goratzeko gai izan da egungo presidentea. Erreforma ugari egin zituen eta merkatuaren liberalizazioaren alde ere egin zuen. Horretaz gain, LRA Jainkoaren Erresistentzia Armadaren aurka ere gogor egin izan du azken urteotan.

Hamar Aginduetan oinarritutako Gobernua

Okello Gobernutik kanpo bota zutenean, hark Jainkoaren Erresistentzia Armada sortu zuen. Egun Joseph Kony da taldeko burua. Uganda iparraldean du indar gehien eta herrialdea Hamar Aginduen arabera gobernatzea da haien helburua. Iparraldean bizi den acholi etnia baztertzea leporatzen die agintariei eta haien alde borrokatzen dutela diote. Acholi etnia, baina, ez da LRAren aldekoa.

Gerrillariek kristautasuna bultzatzen dutela diote, baina 20.000 haur baino gehiago bahitu dituzte soldadu gisa aritzera behartzeko edo esklabo gisa erabiltzeko. Armada, ordea, ez da gerrillarekin amaitzeko gai. Besteak beste, ustelkeriagatik. Giza eskubideen aldeko erakundeek gerraren bidez aberastea leporatu zieten Armadako goi karguei. Gauzak horrela, Ugandako agintariek preso zeuden gerrillariak amnistiatzea eskaini zioten LRAri, borroka armatua amaitzearen truke. Baina alferrik.

Mende laurdenean lehen aldiz, alderdi batek baino gehiagok hartu dute parte bozetan





erredakzioa

Egungo presidente Yoweri Museveni da (Erresistentzia Nazionalerako Frontea) Presidentetzarako hauteskundeak irabazteko faborito nagusia. Hala ere, zenbait adituren ustez, bigarren txanda egin beharko dute, Museveniren aurkari Kizza Besigyek ere (Aldaketa Demokratikorako Frontea) sostengu handia jaso duelako. 25 urtean lehen aldiz, alderdi batek baino gehiagok parte hartu zuten atzo hauteskunde orokorretan. Hala ere, bi izan ziren bozetako hautagai nagusiak Besigye eta Museveni bera. Azken inkesten arabera, botoen %47 lortuko ditu egungo presidenteak. Emaitza ofizialak, baina, ez dira bihar arte jakingo.

Bozkaleku gehienak goizean goiz ireki zituzten, esandako orduan. Zenbait kasutan, ordea, herritarrek zain egon behar izan zuten beharrezko materiala ez zelako oraindik ailegatu. Zenbait herritan, bestalde, bozkalekuak ez zeuden aterpean, eta, ondorioz, euria hasi zuenean eten egin behar izan zuten prozesua. Hori izan zen Kampalako kasua. Hiriburuan, bestalde, alkate izateko hautagaietako bat atxilotu egin zuten. Nasser Ssebagalari presidentetzarako bozen egunean kanpaina egitea leporatu zioten. Martxoaren 6an egingo dituzte udal bozak.

Parte-hartze handia

Jendeak orduak itxaron behar izan zituen atzo bozkatu ahal izateko. Lehenago iruzur salaketak egon ziren arren, gehienak itxaropentsu ageri ziren. «Uste dut bozak askeak eta justuak izango direla, hautestontziakgardenak direlako eta hautagaiei buruzko informazio nahikoa dugulako», esan zuen emakume batek.

Orotara10,4 milioi herritarrek izan zuten atzo bozetan parte hartzeko aukera. Europako Batasuneko ordezkariek parte hartzea handia izan zela nabarmendu zuten, baina kanpainan egindako akatsak salatu zituzten: «Bozen aurretik delitu ugari egin ziren Museveniren alderdiaren alde», azaldu zuen Max van den Bergek. Haren esanetan, oposizioaren kontrako erasoak ere ugariak izan dira. Hauteskundeetarako kanpaina abiatzeko asmoz, Besigye Ugandara itzuli zenean, Gobernuak traizioa eta bortxaketa leporatu zizkion. Ondorioz, atxilotu egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.