Militarrak boterea eskualdatzeko prest agertu dira Egipton, eta hilabetea amaitu baino lehen herritarrek aukeratu duten presidenteari boterea itzuliko diola hitzeman du Egiptoko Indar Armatuen Kontseilu Gorenak presidentetzarako bozen biharamunean. Trantsizioa irudikatzeko «ekitaldi handi bat» ere iragarri dute. Promesa, baina, presidentearen boterea mugatzeko eta armadarena indartu eta bermatzeko konstituzioan hainbat zuzenketa onartu ondoren egin dute herrialdea gidatzen duten militarrek. Emaitza ofizialen esperoan, berriz, presidentetzarako bozetako bi hautagaiek, Mohamed Mursi islamistak eta Ahmed Xafik Hosni Mubaraken lehen ministro ohiak, garaipena aldarrikatu dute.
«Botere exekutibo guztiak» izango ditu presidenteak, Junta Militarraren hitzetan, baita legeen inguruko azken hitza ere. «Gobernuak Indar Armatuen Kontseilu Gorenari igorriko dizkio lege proiektuak, eta horrek presidenteari, zeinak horiek onartzeko ala ukatzeko azken hitza izango duen», azaldu du Mamduh Xahin jeneralak. Militarraren hitzek, baina, ez dute lortu iraultzarekin etsitako herritarren kezkak lasaitzea. Izan ere, konstituzioan hauteslekuak itxi eta ordu gutxira egindako aldaketekin Junta Militarraren boterea nabarmen handituko da. Oposizioak salatu du «estatu kolpea» eman dutela.
Botere legegilea, esaterako, militarren esku geratuko da, legebiltzar berria aukeratu bitartean. Ostegunean, hain justu, islamistek gehiengoa zuten parlamentua desegin zuen Junta Militarrak, Auzitegi Konstituzionalaren aginduz. Diputatu batzuen hautaketan legea urratu zela argudiatu zuten. Oposizioak Junta Militarraren itzala ikusi du erabaki horren atzean ere. Militarrek, gainera, beste hauteskunde batzuk egitea debekatu dute konstituzio berria idatzi bitartean. Eta herrialdearen legedi berrian ere Junta Militarraren ahotsa ordezkatuta gera dadin ongi lotu dituzte gauzak. Legebiltzarrak aukeratu zuen Batzorde Konstituziogilea «epaileen aginduz desegin beharko balitz», Junta Militarrak aukeratuko luke berria, Xahinek azaldu duenez. Horrek hiru hilabeteko epea izango luke bere lana egiteko, eta, ondoren, erreferendum bidez berretsi beharko litzateke legedi berria. Hori baino lehen ez dute desegindako parlamentua berrituko, Junta Militarrak jakinarazi duenez.
Batzorde Konstituziogileak, baina, lehen bilera egin zuen atzo, eta Hosam al-Garieni Justizia Kontseilu Goreneko burua erakundeko presidente aukeratu zuten aho batez. Ikusteko dago, dena den, epaileek batzordea desegitea aginduko ote duten, militarrek iradoki bezala.
«Neurri horien helburua ez da presidenteak botererik ez izatea», tematu da Xahin oposizioaren kritikak ikusirik. Konstituzio berria idatzi bitartean botereen banaketa eta oreka lortzea da xedea, Junta Militarraren esanetan: «Presidenteak ezin ditu botere exekutiboa eta legegilea bere gain hartu».
Junta Militarrak konstituzioan egindako zuzenketek bestelako ondorioak ere eragingo dituzte: indar armatuen inguruko erabaki guztiak Junta Militarraren esku geratu dira, eta erakunde horretako burua armadako burua eta Defentsa ministroa ereizango da. Aurrekontuen kontrola ere militarrek izango dute. Era berean, Junta Militarrak erabakiko du armadak istiluetan noiz parte hartuko duen.
Bi hautagaien lehia
Hosni Mubaraken erorketa ekarri zuen iraultza zentzua galtzen ari dela uste du herritar askok. Asteburuko bozetan irabazle suertatzen denak ezingo du gobernu programa bat garatu, ezta armadan esku hartu ere, eta konstituzio berrian ere militarrek izango dute azken hitza. Mursik ala Xafikek irabazi ezer ez dela aldatuko sinetsita, bozei boikota egin diete oposizioko zenbait taldek. «Kaka jateko eta kaka jateko aukeraren artean, egiptoar askok erabaki dute ez direla gose», adierazi du haserre Omar Kamelek, boikotaren aldeko kanpaina egin duen ekintzaileak. Prozesu guztia Junta Militarraren esku dagoela salatu du, eta hori legez kanpokoa dela.
Ostegunean argitaratuko dituzte presidentetzarako hauteskundeetako emaitzak, eta bitartean garailetzat jo dute euren burua bi hautagaiek. Mursi Anaia Musulmanen hautagaiak jakinarazi du alderdiaren zenbaketaren arabera bera dela Egiptoko presidente berria, bozen %52,5ekin. «Eskerrak jaungoikoari, herritarrak askatasunaren eta demokraziaren bidetik zuzendu baititu, egiptoarrak etorkizun hobe bat izateko elkartu baititu», ospatu du Mursik. Xafik Mubaraken lehen ministro ohiak botoen %47,5 eskuratu dituela diote islamistek.
Azken horrek, baina, ukatu egin du islamistak aurrea hartu diola, eta zenbaketa amaitu ez badute ere lehiaren buruan bera dagoela iragarri du. «Harrigarriak dira beste hautagaiak iragarri dituen emaitzak. Emaitza ofizialak eman aurretik herrialdearen gidaritza hartzen ahalegindu da», esan du Xafiken kanpaina arduradunak. Funtsean, emaitza ofizialetan galtzaile suertatzen badira iruzurra salatu ahal izateko estrategia dela kritikatu dute Xafiken aldekoek.
Bestalde, Sameh Axour Indar Armatuen Kontseilu Goreneko aholkulariak aurreratu duenez, hurrengo presidenteak agintaldi laburra izango du. Izan ere, konstituzio berria onartzearekin bat presidente berria aukeratu beharko dela irizten dio jeneralak.
Protestarako deia
Anaia Musulmanek jakinarazi dute iruzurra egiten badute kalera joko dutela protesta egitera. «Iraultza babesteko» eskatu diete islamistek herritarrei, baina Junta Militarrak konstituzioan iragarritako zuzenketen ondoren ez da protesta handirik egin. Oposizioko talde guztiek salatu dute militarren jokaldia, baina oraingoan Tahrir plazak ez du gainezka egin. Analista politikoek diote herritarrak nekatuta daudela, bozkatzeaz, protesta egiteaz eta ezer aldatzen ez dela ikusteaz. Eta gauza guztien gainetik egonkortasuna nahi dutela.
Boterea eskualdatzea hitzeman dute militarrek, agintea bermatu ostean
Mursi Anaia Musulmanen hautagaiak zein Xafik Mubaraken lehen ministro ohiak garaipena aldarrikatu dute hauteskundeetanBotere legegilea militarren esku geratuko da legebiltzar berria aukeratu bitartean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu