Israel

Boterea galtzear dago Netanyahu

Gobernu berri bat osatzeko elkarrizketak hasi dituzte Yesh Atid eta Yamina alderdiek. Jarduneko lehen ministroak «traiziotzat» jo du. 

Yamina alderdiko buru Naftali Bennet, atzo eginiko agerraldian. YONATAN SINDEL / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 31
13:01
Entzun

Hamabi urteko agintaldiaren ostean, Israelgo lehen ministro kargua galtzear da Benjamin Netanyahu. Gobernu berri bat eratzeko haren saiakerak huts egitean, Reuven Rivlin presidenteak oposizioko buru Yair Lapidi eman zion mandatu hura. Hark ustekabeko mintzalagun bat topatu du elkarrizketa mahaian eseritzeko: Yaminako buru eta Defentsa ministro ohi Naftali Bennet. Netanyahuk «traizio» egitea leporatu dio hari.

Eskuin muturreko alderdia Netanyahuren gobernuen zutabeetako bat izan da azken urteetan, oinarri erlijioso eta kontserbadoreak dituzten indarren koalizioaren pean. Orain, baina, Bennetek adierazi du Lapiden Yesh Atid alderdiarekin akordio bat erdiesteko prest dagoela, «batasun gobernu bat» osatzeko asmoz: «Une erabakigarri honetan, ardurak gure gain hartu behar ditugu. Nire esku dagoen guztia egingo dut nire lagun Yair Lapidekin batasun nazionaleko gobernu bat osatzeko». Hori edo «bosgarren hauteskunde batzuk», ez du aukera gehiago ikusten Bennetek. Alderdi hark zazpi eserleku ditu parlamentuan, eta balantza alde batera edo bestera mugi dezake.

Azken bi urteetan lau aldiz egin dituzte parlamenturako bozak Israelen, politikariek gobernu bat osatzeko izan duten gaitasun falta medio. Azken hauteskundeen ostean, Rivlinek Netanyahuren esku utzi zuen beste behin adostasun bat lortzeko lanen ardura. Aurrerapauso falta dela medio, baina, Lapidi eskatu zion gauza bera, maiatzaren 5ean. Hark asteazkenera arteko tartea du presidenteari proposamen bat aurkezteko.

Yesh Atideko buruak ere ez du lan erraza, baina pauso berri honek asko gerturatu du gobernura iristeko helburura, eta, ondorioz, Netanyahu aldendu. Jarduneko lehen ministroak eskuineko hautesleen aurka doan erabaki bat hartzeaz akusatu du Bennet, eta «gobernu ezkertiar bat Israelen segurtasunarentzat eta etorkizunarentzat arriskutsua» izan daitekeela argudiatu. «Mendeko iruzurra da», salatu du. Hala, Benneti eskaintza berri bat egin dio, Netanyahu berarekin eta Esperantza Berria alderdiko buru Guideon Saarrekin lehen ministro kargua partekatzea, txandakatuz.

Israelgo hedabideen arabera, formula hori aztertzen ari dira Bennet eta Lapid. Lehenarentzat izango litzateke lehen ministro postua lehen bi urteetan, eta bestearentzat ondorengo bietan. Halere, ikusteko dago ea gai izango ote diren adostasun bat erdiesteko, eta oposizioko gainerako alderdiek onartuko duten halakorik. Bennet okupatutako lurralde palestinarrak kolonizatzearen aldekoa da, eta politika ekonomiko neoliberalak defendatzen ditu. Ikusteko dago zein jarrera hartuko duten, beraz, Meretz eta Alderdi Laborista indar ezkertiar eta bakezaleek. Gainera, oposizioko koalizioak Zerrenda Batua eta Raam alderdi arabiarren botoak ere beharko lituzke gehiengo osora iristeko. Lehenak dagoeneko baztertu du ideia hori. «Ez dugu Bennetek gidatutako gobernu bat babestuko», azaldu du Zerrenda Batuko diputatu Aida Tuma-Slimanek.

Gauzak hala, beste bide batzuk jorratzeari ere ekin dio Lapidek. Esperantza Berria alderdiarekin, eta Urdina eta Zuriarekin ere hasi ditu elkarrizketak. Biak ere Netanyahuren azken gobernuetako kide izanak. Besteak beste, Urdina eta Zuria alderdiko buru Benny Gantz jarduneko lehen ministrordea da.

Presoen itzulera

Israelen gobernu berri bat osatzeko negoziazioak ez dira egunotako elkarrizketa sorta bakarrak. Tel Aviven eta Hamasen ordezkaritzak Kairon daude su-etenaren luzapenaz eta Gazaren berreraikuntzaz hitz egiteko, hango gobernuaren bitartekaritzaren bdiez. Israelgo eta Egiptoko Atzerri ministroek, Gabi Ashkenazik eta Sameh Xukryk, eginiko lehen bileran, Tel Aviven exijentziak adierazi ditu lehenak: «Beste ezeren gainetik, Hamasek atxilotuta dituen gure herritarren eta [2014an hildako bi] soldaduen itzulerarekin konprometituta gaude».

Hori da Tel Avivek ezinbestekotzat jo duen puntuetako bat, Gazara iristen diren baliabideen kudeaketa Hamasen esku ez geratzearekin batera. Ashkenazik gehitu du bi baldintza horiek betetzen ez diren bitartean, ez dutela baimenduko eremura laguntza ez-humanitarioa sartzea.

Atxilotuen askatasuna, ordea, Hamasek elkarrizketa sorta honetan tratatu nahi ez duen gai bat da, erakundeko iturriek Efe albiste agentziari adierazi diotenez. Hori gaur baieztatu edo ezeztatu daiteke, Hamasen ordezkaritza gaur iritsi baita Kairora, mugimenduko lider politikoa, Ismail Haniyeh, buru duela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.