Udaberri arabiarraren olatuari eusteko harresia eraiki zuen iaz Aljeriako Gobernuak. Hauteskunde legea eta alderdi politikoena erreformatu zituen, eta Abdelaziz Buteflika presidenteak agindu zuen hauteskundeen ostean konstituzioa aldatuko zutela. Herritarren matxinada saihesteko harresi hori sendotzeko baliatu ditu gobernuak gaurko hauteskundeak. Marokoren erreforma ereduari jarraitu dio Aljerrek, besteak beste Tunisian, Egipton eta Libian gertatutakoa etxean errepika ez dadin. Bi dira, dena dela, FLN Askapenerako Fronte Nazionala eta RND Batzorde Nazional Demokratikoa gobernuko alderdien beldurrak: gehiegizko abstentzioa eta islamisten gorakada.
«Hauteskundeen egunean atera zaitezte denok etxetik herrialdearen garapen, erreforma eta aurrerapen demokratikoaren prozesu berrian parte hartzeko», eskatu zuen joan den martitzenean Buteflikak Setifen egindako mitinean. Parte hartzea txikiegia izateak zalantzan jarriko luke botoereak iaz martxan jarritako erreforma prozesua, eta horren beldur da presidentea. 2007ko hauteskundeetan, esaterako, parte hartzea ozta-ozta ailegatu zen %36ra. Aljerrek ez du horrelakorik errepikatu nahi, eta horregatik eskatu dute gobernuko alderdiek kanpainan herritarren parte hartze zabala. Areago, Buteflikak adierazi du maiatzaren 10a «azaroaren 1 berria» izango dela, 1954ko azaroaren 1ean Frantziaren kolonizazioaren kontra hasi zuten matxinada gogora ekarriz.
Dena dela, kanpainan ez dute lortu gizartea mobilizatzerik, eta mitinetan ere jende gutxi bildu da. Aljeriako hedabideen arabera, apatia da nagusi herritarrengan. Oinarrizko produktuen eta elikagaien prezioaren gorakada da herritarren kezka nagusia, eta ez ustelkeriarekin lotzen dituzten alderdi politikoen arteko lehia.
Legebiltzarreko 462 eserlekuak betetzeko, 44 alderdi eta 211 zerrenda independente dituzte aukeran herritarrek —nazioarteko 500 begirale inguru egongo dira bertan—. Gaurko hauteskundeetara aurkeztu diren alderdien erdiak iazko erreformaren ondorioz legeztatu eta sortu dira, eta lege berriaren ondorioz alderdi bakoitzaren hautagaien %30 gutxienez emakumeak izan behar dira.
Gaurko bozketatik aterako den legebiltzarrak, hain zuzen, konstituzioan aldaketak egiteko ardura izango du. FLN eta RND gobernuko alderdiak dira diputatu gehien lortzeko faboritoak, Aljeria Berdea islamisten aliantzarekin batera. Islamistek, herrialde arabiarretan alderdi islamistek izan duten gorakadaz baliatuz, parlamentuko lehen indarra izatea espero dute. Aukera hori da gobernuarentzat mehatxurik handiena, eta Dahu Uld Kablia Barne ministroak gauzak argi laga nahi izan ditu hauteskundeak baino lehen, estatu islamikoa sortzea ezinezkoa dela esanez. «Konstituzioak dio islama estatuko erlijioa dela, baina Aljeriaren izaera errepublikanoa eta demokratikoa nabarmentzen ditu. Beraz, estatu islamiko bat sortzeko proiektua amaituta dagoela uste dut».
Islamisten gorakadari galga jartzeko, demokraziarekin duen «konpromisoa» nabarmendu du FLNk. Aljeriako presidente eta alderdiko ohorezko presidenteak gogorarazi du nolako ondorioak izan zituen FIS Salbamendurako Fronte Islamikoak 1991ko legebiltzarrerako hauteskundeak irabazteak. Izan ere, islamisten garaipenaren ostean, estatu kolpea jo zuten militarrek, eta ia hamarkada bat iraun zuen gerra zibil odoltsua etorri zen gero.
«Antzezlan txar bat da»
Gaurko hauteskundeak «parodia hutsa» dira RCD Kulturaren eta Demokraziaren aldeko Bilguneaalderdiko presidente Mohcen Belabbesentzat. Bozei boikota egitea erabaki duen alderdi bakarra da RCD —hemeretzi diputatu ditu oraingo parlamentuan—.
«Antzezlan txar bat da. Emaitzak prestatuta daude jada, eta kuotak eta eserlekuak, banatuta». Belabbesek nabarmendu du bere alderdia ez dela izango «itxurazko demokrazia onartzeko tresna». Gainera, RCDk asteak daramatza hauteskundeetarako nazioarteko behatzaile «asko eta kualifikatuak» eskatzen. Gaur Aljerian egongo diren 500 behatzaileak ez dira nahikoa Belabbesentzat —11.500 hautesleku daude—, eta, gainera, uste du Arabiar Ligako eta Afrikako Batasuneko ikuskatzaileen sinesgarritasuna «ukituta» dagoela.
«Botereak uste izan du denbora gutxian hogei alderdi politiko sortzeak hauteskundeetarako grina piztuko zuela herritarrengan, baina kontrakoa gertatu da», azaldu du RCDko buruak. Haren esanetan, botereak islamistei gehiengo erlatiboa emateko «tentazioa» izango du, leiha politikoa «benetan garbia» izan dela sinetsarazteko. «Baina ezin dugu ahaztu bozetan parte hartu duten alderdi islamistak boteretik datozela». Izan ere, El-Islah (Erreforma) eta Ennahda (Birsortzea) alderdiekin batera osatzen du Aljeria Berdea aliantza MSP Bakerako Gizartearen Mugimenduak, 1995az geroztik gobernuan den mugimenduak.
Botereari eusteko bozak
Iaz abiatutako erreforma prozesua sendotu nahi du Aljeriako Gobernuak gaur egingo dituzten legebiltzarrerako hauteskundeekinIslamisten gorakada eta abstentzioa dira zalantza nagusiak; RCDk boikotera deitu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu