Boto-emaile berriak, demokratak

Lau milioi hautesle berrik hartuko dute parte azaroaren 4ko bozetan, eta, haien ezaugarriei erreparatuta, gehienek Barack Obamaren alde bozkatuko dutela espero dute adituek, giltzarri diren estatuetan bereziki

2008ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Barack Obama demokraten presidentegaiak zenbakiak lagun ditu aspaldion. Azaroaren 4ko bozen harira egindako boto asmoari buruzko inkesta guztiek bera ematen dute garaile. Herenegun The New York Times egunkariak eta CBS telebista kateak elkarrekin argitaratutako zundaketan, esaterako, galdetutakoen %47 Obamaren alde bozkatzeko prest agertu ziren; elkarrizketatuetatik %43 dira, berriz, McCainen balizko hautesleak.

Baina inkesten emaitzek soilik ez, bestelako zifrek ere demokraten gainean zerua errepublikanoen gainean baino oskarbiago dagoela erakusten dute. Hauteskunde bulegoen informazioaren arabera, demokraten hautagaiak boto-emaile berri gehiago erakarri ditu errepublikanoenak baino. Eta hori baino garrantzitsuagoa: boto-emaile gehiago erakarri ditu hauteskundeak irabazteko giltzarriak diren estatuetan; tartean, Nevadan, Coloradon, Floridan, Ohion eta Virginian.

Astelehenean amaitu zen boto- emaile gisa izen emateko epea. AEB Ameriketako Estatu Batuetan bozkatu ahal izateko ezinbesteko urratsa da hori, estatu gehienetan. Gutxi dira salbuespenak. Ipar Dakota, Iowa, Wisconsin eta Minnesota, zehazki esateko. Horietan hauteslekuan bertan eman daiteke izena, botoa ematerako unean bertan.

Aldez aurretik erroldatzea derrigorrezkoa denetan, beraz, 2004an baino lau milioi boto-emaile berri gehiago dago aurten. Zenbaitek demokratenhautesle gisa identifikatu dute beren burua, errepublikanoen hautesle gisa beste batzuek, eta boto-emaile independente gisa bestek. Estatu jakin batzuetan zehaztapen hori egitea posible da, izan ere.

Proportzio eza nabaria

Hautesle demokrata gisa izen eman dutenek Obamari emango baliote botoa, eta errepublikano gisa izen eman dutenek McCaini -ez da derrigorrezkoa-, 800.000 hautesle ziur eskuratu izango lituzke Illinoisko senatariak, eta 300.000 Arizonakoak. Eta gehienak, gainera, azaroaren 4ko bozak erabakiko diren estatuetan.

Floridan 130.000 hautesle berri erakarri ditu Alderdi Demokratak, Alderdi Errepublikanoaren bikoitza. Coloradon, Nevadan eta Mexiko Berrian, berriz, errepublikanoek eskuratutako boto-emaile bakoitzeko lau konbentzitu dituzte demokratek. Eta Ipar Carolinan hautesle errepublikano bakoitzeko sei demokratek eman dute izena. Bost estatu horietan George Bush atera zen garaile 2004an.

Era berean, Pennsylvanian ere arrantza hobea egin du Obamak McCainek baino. 474.000 boto- emaile berrik identifikatu dute beren burua demokraten aldeko gisa, eta 38.000k soilik errepublikanoen jarraitzaile gisa. Desproportzioa logikoa da, azken hauteskundeetako emaitzak ikusita. 2004an John Kerryk irabazi zion estatu hori George Bushi.

Beste zenbait estatutan hautesle berriek ez dute zehaztu behar zein alderdiren jarraitzaile diren. Missourin, esaterako, inolako etiketarik gabe erroldatzen dira. Baina boto-emaile horien soslaia -adina, arraza, zein ingurunetakoa den- aztertuz gero, ez da zaila zein hautagai duten nahiago asmatzea. Adituen arabera, berri onak iritsi zaizkio Obamari Missouritik. Izan ere, erroldatu berri diren 200.000 lagun St Louis hirikoak eta inguruetakoak dira. Demokrata zaleak nagusiki. Gainera, eremu horretakoek estatuko botoen bosten bat osatzen dute. Berri ezin hobea Obamarentzat.

Antzerako kasua da Virginiakoa ere.Estatu horretan, 400.000 boto-emaile berri inguruk eman dute izena, demokraten edo errepublikanoen jarraitzaile diren aitortu gabe. Virginian, tradizioz, errepublikanoak babestu izan dituzte; hegoaldeko landa eremuan, batez ere. Aurten, ordea, bira eman lezake horrek. Inkestek aurreikusten dutena betetzen bada, batez ere. Izan ere, Suffolkeko Unibertsitateak (Virginia) atera berri duen inkestaren arabera, galdetutakoen %51k Obamari emango liokete botoa eta %39k McCaini. Gainera, aurtenlehen aldiz bozkatuko duten virginiar gehienak kaletarrak dira, estatuaren iparraldeko hirietakoak. EtaNancy Rodriguez Virginiako hauteskunde bulegoko buruaren arabera, 25 urtetik beherakoak dira horietatik %40. Ezaugarri horiek dituztenak, nagusiki, demokraten jarraitzaileak dira.

Eta, oro har, horixe da hautesle berrien soslaia. Gehienak, gutxiengoren batekoak dira: gazteak, hispanoak edo afrikar-amerikarrak. Eta horiek, inkesta guztien arabera, Obamaren balizko boto-emaileak dira.

Dena den, oraingoz zenbakiak lagun baditu ere, ikusi beharko azaroaren 4an ere aldeko dituen. Izan ere, demokraten edo errepublikanoen jarraitzaile gisa izen eman duten hautesle berriek nahi dutenaren aldeko botoa eman dezakete hauteskunde egunean.Horri heltzen diote, hain zuzen, errepublikanoek. «Botoak biltzeko demokratek abian jarri duten makinak funtzionatu du. Orain ikusi behar guzti-guztiak botoa ematera joaten diren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.