Boto hispanoaren aritmetika

Hispanoen botoak erabakigarriak izango dira berriro ere, eta, horregatik, euren babesa erakartzen saiatzen ari dira demokratak eta errepublikanoak; apatiari aurre egiten lehenak, eta boikota sustatu nahian bigarrenak.

Kristina Berasain Tristan.
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Etengabe eta azkar batean hazten ari den giza taldea erakarri ahal izateko, herrialdea mendebaldetik ekialdera zeharkatzeko, hizkuntzak ikasteko, erregutzeko,eta maitasun adierazpenak egiteko adorea izan du Barack Obamak. Neurri handi batean presidentetza eskuratzea baimendu zioten hispanoek, eta, orain, demokratek gehiengoa galduko dutela aurreikusten denean, eurengana gerturatzeko saioa egin du berriro. Komunitate horren botoek heldu den astearteko hauteskundeen emaitzak albo batera edo bestera kulunka egiteko eragina dutela jakinik, kanpainan bete-betean sartu, eta hitz leunak zuzendu dizkie Obamak. Abian jarritako egitasmoak gauzatu ahal izateko ere hispanoen babesa ezinbestekoa du presidenteak, eta, hori dago jokoan bereziki; abiatutakoa amaitzeko aukera izatea. Inkestek iragarri duten apatiari aurre egiten saiatu dira horregatik demokratak.

Errepublikanoek, berriz, zuzenean ez bada ere, bozak boikotatu ditzaten iradoki diete hispanoei, euren botoa eskatzeak harrerarik ez lukeelako izango -iraganeko joerei erreparatuta demokratei eman diete sostengua-. Abstentzioak, berriz, mesede egingo lieke errepublikanoei, eta estrategia horrek demokratei gehiengoa kentzeko baliagarria izan dakieke; Ordezkarien Ganberan egun dituztenak baino 40 eserleku gehiago eskuratzeko.

Bete gabeko promesak

Hispanoen etsipenaz baliatu nahi izan dute errepublikanoek. Obamak hasierako lilura galdu du, eta kanpainan egindako promesak bete ez izanak axolagabekeria eragin du, batzuk mintzeraino. Immigrazio legearen erreforma hitzeman zien, eta finantza krisiak asmo horiek bazterrean uztera behartu dute, bederen hori argudiatu du presidenteak. Dream Act izeneko proiektua ere bertan behera utzi behar izan du. Naziotasuna aurreikusten zien lege horrek herrialdean 16 urte bete aurretik sartu eta bertan bizitzen bost urtetik gora zeramatzatendeliturik gabeko atzerritarrei. Senatuan, baina, ez zuten babes nahikoa lortu demokratek.

Orain, berriz, denbora eskatzeari ekin dio presidenteak, baina osasun erreformarekin ere huts egin ziela ez dute ahaztu. Aukera publikoari amore eman behar izan zion presidenteak testua aurrera atera ahal izateko, eta horixe zen proiektuaren muina. Erreformak osasun estaldura bermatuko die 32 milioi lagun gehiagori, baina beste hogei bat milioik kale gorrian jarraituko dute; tartean, paperik gabekoak. Eta Ameriketako Estatu Batuetan paperik gabe bizi diren hamabi milioi lagunetatik -herritarren %4- jatorri hispanoa dute gehienek, eta horiek bozkatzeko eskubiderik ez duten arren, haiekiko jarrerak eragina izan dezake boto-emaileengan. Orotara 47 milioi hispano bizi dira herrialdean, eta horietatik hemeretzi milioi inguru izango dute bozkatzeko aukera. Boto erabakigarriak aritmetika aintzat hartuta.

Obamak errepublikanoak egin ditu porrot horien erantzule, eta, ez hori bakarrik, bozetan nagusitzen badira berriz ere atzera egiteko arriskua dagoela ohartarazi die. Arizonan errepublikanoek paperik gabeko immigranteen kontra onartutako legea baliatu du ere nazio mailara zabaldu daitekeela jakinaraziz. «Herrialdearen norabidea aldatzeko erronka jarri genion geure buruari duela bi urte, eta komunitate latinoak hori gauzatzen lagundu zigun; orain, garai gogor hauetan, ezin dugu atzera egin». Egia da osasun erreforma lau urte barru sartuko dela indarrean eta tarte horretan hauteskundeak egingo direla, beraz, ezin da ukatu arriskuak hor daudela, baina hispanoek ere irakurketa hori bera egiten ote duten ikusteke dago.

Abstentzioaren mamua

Latinoen boto fidela berreskuratzeko eta porrota saihesteko erakarri beharko dituen hiru taldeen artean -gazteak, emakumeak, eta hispanoak- erabakigarriena da azken horiena. Abstentzioa, baina, ez dela inkestek iragarri duten bezainbestekoa izango aurreikusi dute adituek. Jose Cancela Hispanics USA aholku enpresako presidentearen esanetan, espero dena baina handiagoa izango da hispanoen parte-hartzea, presidentetzarako hurrengo hauteskundeetan izango duten indarraren aurrerapena. «Demokratak eta hispanoak familia baten modukoak dira, eta, senideen arteko atralaketan gertatu ohi denez, erdian sartzen dena zipriztinduta ateratzen da». Errepublikanoek kanpainan izan duten jarrerari erreparatu dio horrela adituak. Obama berarentzat «zinikoa» izan da kanpaina hori.

Nevadan sustatu dute boikoterako ekimena, inkestek demokratak eta errepublikanoak parez pare jartzen dituen estatuan. Eta lehia horren estua den estatuetan izango da bereziki erabakigarria hispanoen hautua, gehien diren estatuetan, hain zuzen ere; Arizonan (herritarren %18,3), Coloradon (%12,6), Floridan (%14,5), Kalifornian (%24), Mexiko Berrian (%38), Nevadan (%13,5), New Yorken (%11,8) eta Texasen (%25).

Estatu horietan, beraz, giltzarria izango da hispanoen botoa edo abstentzioa. Louis Desipioren ustez, jarrera pasiboa dute egun hispanoek, «bai politikarekiko interes faltagatik eta bai azken bi urteotan gertatu denagatik», baina, hala ere, presidentearen alde egingo dute. «Obamak, azken batean, une erabakigarrietan alboan izango ditu hispanoak». Kaliforniako Unibertsitateko irakasle horren iritziz, agintaldi erdiko hauteskundeetan apatia ohikoa da, eta tradizioak agintzen du presidentetzarako bozetan irabazten duen alderdiak galdu egiten dituela handik bi urtera egiten diren Kongresurakoak. Errepublikanoen txanda da orain, baina ohitura hori hausteko aukera dute hispanoek.



Lehergaiak topatu dituzte AEBetara zihoazen hegazkinetan

Lehergaiak zituzten bi pakete atzeman zituzten atzo Ameriketako Estatu Batuetara zihoazen bi hegazkinetan: bata Erresuma Batuko iparraldeko aireportu batean eta bestea Dubain, Arabiar Emirerri Batuetan. Barack Obama AEBetako presidenteak premiazko agerraldia egin zuen eta baieztatu zuen lehergaia aurkitu zutela paketeetan. Bere esanetan, «mehatxua sinesgarria eta serioa da».

AEBetako Gobernuaren arabera, bi paketeak Yemendik Chicagora zihoazen hegazkinetan zeuden. Ostiral goizaldean atzeman zituzten. Aurkikuntzaren ostean poliziek AEBetako hainbat aireportutako hegazkinak eta beren zamak aztertu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.