IRLANDAKO HAUTESKUNDEAK

Boto zenbaketa aurrera doala, gobernabide zaila Irlandan

Fine Gael da indar bozkatuena eta Fianna Fail bigarren, baina Sinn Feinek ziurtatu du ez dituela ez bata ez bestea babestuko.

Astelehenean zehar jakinaraziko dituzte ostiraleko bozetako emaitzak. AIDAN CRAWLEY / EFE
2016ko otsailaren 29a
06:45
Entzun

Ostiralean egin zituzten parlamenturako hauteskundeak Irlandan, eta pixkanaka aurrera doa boto zenbaketa. 158 parlamentaritatik hamar zein alderdirentzat izango diren zehazteke falta dela, aritmetika zaila utzi dute orain arteko emaitzek. Fine Gael da indar bozkatuena, botoen %25,52 eta 47 ordezkari lortuta. Gertu du, ordea, Fianna Fail, %24,35 boto eta 43 eserleku erdietsita. Sinn Fein da hirugarren indarra botoen %13,85ekin eta 22 parlamentarirekin. Fine Gaelek eta Alderdi Laboristak osatu dute gobernua azken urteetan, eta kolpe handia jaso dute batak zein besteak; 29 ordezkari galdu ditu Fine Gaelek eta 31 laboristek, sei parlamentari baino ez baitituzte lortu.

Alderdi txikiagoek edo hautagai independenteek eskuratu dituzte gainerako eserlekuak. %65 hautesle inguruk eman dute botoa, eta ez da espero banatzeke dauden eserlekuek indar harreman horiek nabarmen aldatzea.

Gobernu egonkor bat osatzea, beraz, lan zaila izango da. Alde batetik, Fine Gael, Fianna Fail eta Alderdi Laboristak baztertu egin dute Sinn Feinekin gobernu bat osatzea, eta Sinn Feinek ere baztertu egin du horietakoren batekin exekutiboan sartzea. Fine Gael eta Fianna Fail kontserbadoreak izanik, hausteritate politiken aurkako espazioa bereganatu du Sinn Feinek. Fine Gaelen eta laboristen apustua zen koalizioa berritzea, baina bien artean 53 ordezkari baino ez dituzte lortu; ganberaren herena, hortaz. Fine Gaelek eta Fianna Failek, berriz, koalizio handia egitea ere baztertu dute. Behin-behineko emaitzak eskuan, Fianna Faileko kanpaina zuzendari Billy Klelleherrek esan du "nekez" egon daitekeela Fine Gael eta Fianna Failen arteko koalizio gobernu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.