Bolivia

Botoen laurden bat zenbatuta, Mesak aurrea hartu dio Moralesi

Carlos Mesa oposizioko kidea doa aurretik zenbaketan, zenbatutako botoen %45 haren aldekoak baitira. Morales bigarren litzateke, botoen %38 lortuta. AEE Amerikako Estatuen Erakundeak salatu du zenbaketa ez dela gardena izaten ari.

Evo Moraes, bart, lehen emaitzak jakin ostean. MARTIN ALIPAZ, EFE
2019ko urriaren 21a
17:30
Entzun

Poliki doa boto kontaketa Boliviako Hauteskunde Organoan. Botoen laurden bat besterik ez dute zenbatu, astelehen arratsaldeko lehen ordurako. Atzo presidentetzarako hauteskundeak egin zituzten, eta, zenbatutako lehen botoak aintzat hartuta, Carlos Mesa oposizioko kideak abantaila du Evol Morales orain arteko presidentearen aurrean. Mesak botoen %45 jaso ditu, eta Moralesek, %38. Edozein modutan, zenbatzeko dauden botoak Hauteskunde Organotik urrutien daudenak dira, eta aurreikusten da horiek gehienbat Moralesentzat izatea. Edonola ere, nahiko garbi dago litekeena dela bigarren itzuli bat egotea, ezein hautagaik ez baitu lortu gehiengo osoa atzoko bozketan.

Mendi inguruetako botoak zenbatuta, hala ere, Evo Moralesek espero du bigarren itzulia saihestea, inguru horietan babes handia baitu. Nolanahi ere, AEEk salatu du Hauteskunde Auzitegi Nagusiak eten egin duela zenbaketa publikoa. Datuak ez dira berritu denbora luzez, eta AEEk Hauteskunde Auzitegiari eskatu dio esplikatzeko horren arrazoiak. Arratsaldeko lehen orduan, ordea, berriro jarri da abian zenbaketa.

Moralesen itxaropenak kezka sortu du oposizioan. Carlos Mesaren CC Comunidad Ciudadana alderdiko kide Ivan Ariasek salatu du emaitzak manipulatzeko arriskua dagoela. Ohartarazi dute ez dutela onartuko holakorik, eta herritarrei eskatu diete adi kasu egiteko boto zenbaketari. Bigarren itzulirik ez egiteko, Moralesek botoen erdiak eskuratu behar ditu, eta, gainera, 10 punturen aldea atera behar dio bigarrenari. Gauzak dauden moduan egonda, ez dirudi erraza hori lortzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.