Abdelaziz Bouteflikak erraz irabazi zituen 1999ko hauteskundeak, botoen %73,49 bereganatu baitzituen, bere aurka lehiatzen ziren beste hautagaiak azken unean erretiratu ondoren eta Armadaren babesa lortu eta gero. Aldi honetan, haatik, apur bat zailagoa izango zaiola lehen txandatik garaile ateratzea iritzi diote Aljeriako politikagintzaz aditu direnek.FLNko hautagai Benflisez gain, bere aurka lehiatzen dira Said Sadi Kabilia eskualdeko RCD Kultura eta Demokraziaren aldeko Elkarrataratzearen izenean, MRN Erreforma Nazionalerako Mugimendua alderdi islamistako Abdala Jabala, 1954ko iraultzaren asmoei bueltatzea planteatzen duen AHD 54 alderdiko Ali Fauzi Rebaine eta orain arte Aljeriako presidentetzara aurkeztu den lehendabiziko emakume PT Langileen Alderdiko Luisa Hanun trotskista. Armadak ziurtatu zuen ez zuela esku sartzerik izango lehiaketa horretan. Hargatik, honen agintari goren Mohamed Lamari jeneralak ohartarazi zuenez, «aniztasun politikoa kolokan jarri eta Konstituzioa bere mesederako egokitu nahi duenak Armadarekin topo egingo du». Hitz hauek Bouteflikari zuzendutako ohar baten moduan hartu zituzten askok, nabari geratu baita azken urteotan tentsioak hazi egin direla presidentearen eta militarren artean.
Salaketen jomuga
Kanpainan adierazpen askatasuna erabatekoa egon dela nabarmendu dute begirale guztiek. Jarduneko presidentea izan da kritika gehienen jomuga eta arerio gogorrena Abdelaziz Bouteflikaren lehen ministro 2000ko agorrila eta 2003ko maiatza bitartean egon zen Ali Benflis izan da. Honek etengabe salatu ditu Buteflikaren «joera autokratikoak» eta Estatu aparatua, hedabide publikoak zein ere gobernuaren eskuko finantzabideak bere kanpainaren zerbitzurako ezartzea leporatu dio. Benflisen zera esan zuen: «Aljeriarrek bi egitarau kontrajarriren artean aukeratu beharko dute: nik proposatzen diedan berrikuntzan oinarritutako aldaketaren eta Bouteflikak aurrera eramango duen gelditasunean irautearen artean, alegia».
Bouteflikak «nazioaren berradiskidetzean» sustraitu du kanpaina, bakezko eta oparotasuneko geroa» aginduta. Aldarrikatu du «terrorismo islamista garaitu» duela. Bakea sendotzeaz gain, milioi bat etxebizitza eraikiaraziko eta beste horrenbeste lanpostu sortuko dituela hitzeman du, Aljeriako 48 wilaya-etan egin dituen mitinetan. Bere kanpainako bisitaldirik gogorrena, haatik, Kabilian egindakoa izan zen, liskar gogorrak gertatu baitziren joan den astean Tizi Ouzu hiriburuan.Kanpaina amaitu bezain sarri, Bouteflikaren aurka lehiatzen diren hiru hautagaik gaur egingo diren bozketen arauzkotasuna zalantzan jarri zuten atzo zabaldutako agiri baten bitartez. Ali Benflis, Said Sadi eta Abdala Jabalak batera izenpetutako testu honetan «konplota» dagoela salatuta zegoen. Zehazki, hiru hautagai hauek joan den astelehenean Aljeriako telebista publikoak plazaratutako saio politiko bat salatu dute, honetan esan baitzen, alde batetik azken inkestek Bouteflika garaile ematen zutela lehen txandatik, botoen %53 eta 55 bitartean lortuta eta, bestetik, herritarrei iragartzen baitzaien hauteskundeen emaitzak gaur bertan emango zizkietela, botoen zenbatzeko ohizkoan behar den zenbait eguneko epea baino nabarmen lehen.«Konstituzioababestea ardura daukaten instituzioei eskatzen diegu segurtasun eta ordena berma ditzaten eta konplot hori geldiaraz dezaten» irakur zitekeen Benflis, Sadi eta Jabalak izenpetutako agirian. Agintariek euren aldetik ziurtatu dute hauteskunde hauek «gardentasun eta zintzotasun osoan» antolatuak izan direla.
-
DIASPORA
Frantziako aljeriarrak hasiak dira igandetik botoa ematen
Atzerrian bizi diren aljeriarren %90 Frantzian bizi direlarik, herrialde honetan dauden 742.234 hauteslek euren botoa emateko aukera daukate joan den igandeaz geroztik. Hori egin dezakete Frantzian zehar banatutako 109 bozkalekutan. Haietatik gehienak guztira 18 diren kontsuletxetan ipinita daude, baina hiri batzuetan udalek euren eskuko jarritako bulegoetan ere boto egin dezakete hautesle aljerriarrek.
Frantzian dauden aljeriar gehienak Paris inguruko Ile-de-France eskualdean bizi dira. Hala, Parise bertako bozkalekuetan boza eman dezakete gaur arte 87.428 hauteslek, Bobignyn 80.237k eta Pontoisen 59.194k.Aljeriar asko daude ere Marseillan 65.000 inguru baitaude hauteskunde zerrendetan, baita 63.410 Lyonen, 60.499 Lillen edo 34.767 Grenoblen. 1999an, 23 bozkaleku bakarrik paratu ziren eta arazoak eragin zituen, bozen arduradunek uste baino botoemaile gehiago hurbildu baitzen eta ilara luzeak sortzearren, boto egiteko epea luzatu behar izan baitzen. Zenbait kontsuletxek autobus zerbitzuak antolatu dituzte botoa emateko gogoa dutenek erabiltzeko gisan. Frantzian egingo diren boto egite hauen arauzkotasuna bermatzeko xedez, hautagai bakoitzaren ordezkariek hautesle zerrendak KD-Rom batean eskuratu dituzte eta egun bakoitzeko bozkaldiaren bukaeran euren zigilua jarri dute hautes-ontzien gainean.