Pablo Llarena epaileak hainbat laguni hartuko die deklarazioa egunotan, Kataluniako erreferendumari buruz irekita daukan auzian. Gaur, CUPeko legebiltzar taldeko presidente izandako Mireia Boyari ari da galderak egiten. Fiskaltzako iturriek Efe berri agentziari aurretik esan diote ez zutela asmorik behin-behineko neurri zorrotzik eskatzeko. Hala ere, hori esaten zuenaren arabera zegoela argitu dute. Azkenean ez dute eskatu neurririk. Beraz, libre atera da.
10:30ak aldera iritsi da auzitegira Boya, Natalia Sanchez CUPeko diputatuarekin eta Carlos Lopez abokatuarekin batera, eta han hainbat politikariren babesa jaso du, tartean ERCko kideena. Bartzelonatik eta Lleidatik ere joan dira babesa ematera ehunen bat lagun. Boya 11:10 aldera hasi da epailearen aurrean deklaratzen. Hainbat iturriren arabera, Boyak ukatu egin du independentzia deklarazioak balio sinbolikoa zuela. "Eraginkortasun erreala" bilatzen duela azpimarratu dio epaileari. Independentziara bidean hartu diren erabakiak legezkoak eta zilegiak izan direla nabarmendu dio, gainera.
Llarenak abenduaren 22an areagotu zuen ikertuen kopurua, eta erabaki zuen denak Carles Puigdemont buru zuen gobernuaren aurkako eta Jordi Sanchez eta Jordi Cuixarten aurkako kausa berean ikertzea. Boya eta Anna Gabriel CUPeko diputatu ohiaz gain, epaileak erabaki zuen ikerketapean jartzea Marta Pascal, PDeCATeko koordinatzaile nagusia, Marta Rovira, ERCko idazkari nagusia, Artur Mas, Kataluniako presidente ohia eta Neus Lloveras, AMI Udalerri Independentisten Elkarteko presidente ohia.
Pascalek eta Rovirak datorren astelehenean deklaratuko dute; Masek eta Lloverasek, hurrengo egunean; eta Gabrielek, asteazkenean.