EUROPAKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK

Bozak bukatu eta erakundeen erreforma garaia abiatuko da gaur

Agintean dauden alderdien kontrako botoak nagusituko direla berretsi dute inkestek

Kristina Berasain Tristan.
2004ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Europako Batasunean (EB) botoa emateko eskubidea daukaten 350 milioi herritar deituta daude gaur munduko parlamentu handiena aukeratzera; izan ere, guztira 732 ordezkari hautatuko dira gaurko bozetan Txinako (2.985) eta Libiako (760) legebiltzarrak, diputatu gehiago izan arren, ez dira sufragio unibertsalez aukeratzen. Aurreneko aldia izango da, beraz, duela hamabost urtera arte hesi batez bananduta egon diren mendebaldeko eta ekialdeko herritarrek boza batera emango dutela. Bozka ezazu Europako hauteskundeetan; ez ezazu utzi zure etorkizuna zu gabe erabakitzen. Hauxe izan da kanpainan hautagaiek baliatu duten lelo bateratua.

Hauteskundeak iragan ostegunean abiatu ziren Herbehereetan, Galesen, Eskozian, Irlanda iparraldean eta Erresuma Batuan. Herenegun Txekiar Errepublika eta Irlandako Errepublikan izan ziren. Atzo, berriz, Txekiar Errepublikan, Letonian, Maltan, Italian eta Sardinian egin ziren. Emaitzak, dena den, ez dituzte gaur gauera arte ezagutzera emango gaurko bozetan eragina izan ditzaten eragotzi nahi izan du horrela Bruselak. Gaur, beraz, gainerako herrialde guztietan egingo dira hauteskundeak.Aurreikuspen guztiak betez, parte-hartzea txikia izan da orain arte, eta gaurkoan ere baxua izatea espero da inkesten arabera %49koa izango da. 1979. urtean Europako Legebiltzarrerako aurreneko bozak egin zirenetik abstentzioa handituz joan da bi puntuz. Parte- hartzea %63koa izan zen aurreneko aldian eta azkenekoan, berriz, %49,8koa orotara bost bozketa izan dira orain arte. Hainbat herrialdetan gainera, Eslovakian, Estonian, Portugalen, Polonian eta Txekiar Errepublikan kasu, abstentzioa %70-80 artekoa izan daiteke.

Tarta politikoa

Europako Legebiltzarrerako bozak tokian tokiko hauteskundeak egiteko edo hainbat lege aldatzeko baliatu dituzte hainbat herrialdetan. Ildo horretan, Irlandan jaiotzen diren immigranteen haurrei naziotasuna zuzenean ematea edo ez erabaki zuten atzo. Horrek parte-hartzeak gora egitea eragin dezake.

Herrialdeen barruko alderdien indarrak neurtzeko ere baliagarriak dira beraz bozak, eta, inkesten arabera, indarrean dauden alderdien kontrako emaitzak nagusituko dira. Italian handia da, esaterako, Silvio Berlusconi lehen ministro eta oposizioan dagoen Romano Prodi alderdiaren arteko lehia. Atzo Forza Italiako egoitzaren kontrako eraso bat izan zen Sardinian hiru pertsona atxilotu zituzten. Eskuinaren esku dago gaur egun Parlamentua. Europako Alderdi Popularrak eta Europako Demokratek 295 ordezkari dituzte. Ondoren, Europako Sozialisten Alderdia dago 232 diputaturekin. Inkesten arabera, bi alderdiek egungo proportzio berari eutsiko diote bozetan. Hirugarren indar nagusia den Europako Liberal Demokrata eta Erreformisten Alderdiak, berriz, gora egingo luke.Legebiltzarrak gehiengo absolutuaren sistema erabiltzen du ohiko erabakiak hartzeko; eragin handiko erabakiek, berriz, gehiengo kualifikatua eskatzen dute.

Erronka berriak

Europako Legebiltzarra osatutakoan Konstituzioa onartzearen esperoan egongo dira eurodiputatuak; izan ere, botere ahalmena areagotuko da orduan. Konstituzioa datorren astean egitekoa den goi bileran onartuko dela iragarri dute agintariek, dena den, lau edo bost urte pasatu arte ez da indarrean sartuko.

Orain arte aurrekontu, merkataritza, ingurumen eta kontsumo gaietan kontrola egitea zen bereziki Parlamentuaren zeregina. Konstituzioarekin, berriz, eskumen gehiago izango ditu; besteak beste, justizia, barne politika eta fiskalitate alorrak izango ditu bere gain. Ministroen Kontseiluaren eta Europako Batzordearen ahalmenak handiagoa izaten jarraitzen du, baina, pixkanaka-pixkanaka, eremu gehiago du Parlamentuak eta egun bere oniritzia behar duten arloak 40 badira, lehen halako bi izango dira aurrerantzean, 80.Estrasburgon, Bruselan eta Luxenburgon egoitza duen erakundean 403 arau eta 800 txosten onartu ziren iaz. Parlamentuaren aurrekontua mila milioi eurokoa da urtean. Dirutza horren %10 ehunka itzultzaileen lana ordaintzeko erabiltzen da; izan ere, hogei hizkuntza erabiltzen dira orotara bertan. Eurodiputatuen soldata, berriz, euren jatorrizko estatuek ordaintzen dute. Alde nabarmenak daude batzuen eta besteen soldaten artean: italiarrek hilean 11.000 euro jasotzen dituzte eta letoniarrek 960.Aurreneko erronka Europako Batzordearen osaketa zehaztea eta presidentea hautatzea izango du Legebiltzarrak. Romano Prodiren agintaldia irailaren azken egunean amaitzen da, eta, hainbat informazio iturriren arabera, Greziako lehen ministro ohi Costas Simitis sozialista da bera ordezkatzeko hautagai faboritoa.

-

Egutegia





Urtarrilaren 1a: EBko txandakako presidentetza hartu zuen Irlandak, Italiaren lekukoa hartuz.

Martxoaren 25a eta 26a: Gobernuburu eta estatuburuek goi bilera egin zuten Bruselan. Konstituzioa ekainean onartuko zela iragarri zuten.Maiatzaren 1a: EBren bostgarren hedapena egin zen. Orotara, hamar herrialde berri sartu ziren.

Ekainaren 10, 11, 12 eta 13a: Europako Legebiltzarrerako bozak egin dira.Ekainaren 17 eta 18a: Goi bilera egingo da. Europako Batzordeko presidente berria izendatzea eta Konstituzioa adostea espero da.

Uztailaren 1a: Herbehereek EBko txandakako presidentetza hartuko dute.

Uztailaren 1a eta 15a artean: Europako Legebiltzarreko taldeen osaketa.

Uztailaren 19a: Egungo Parlamentuaren legegintzaldiaren azken saioa.

Uztailaren 20a: Legebiltzar berriaren aurreneko saioa. Presidentea hautatuko da.

Uztailaren 21a: Europako Batzordeko presidentea hautatzeko inbestidura saioa.

Uztailaren 22a: Europako Batzordeko presidenteak kargua hartuko du. Herrialdeek komisario izateko hautagaiak aurkeztuko dituzte.

Iraila: Komisario izateko hautagiek agerraldia egingo dute Legebiltzarrean.

Urriaren 25a eta 28a artean: Europako Batzorde berriaren osaketaren inguruko eztabaida.

Azaroaren 1a: Europako Batzorde berria martxan jarriko da. Orotara 25 komisario egongo dira, bat estatu bakoitzeko.

Azaroaren 5a: Goi bilera da egitekoa Amsterdamen.

Abendua: Turkia Europako Batasunean sartzeko negoziazioak abiatu edo ez, eta Errumania eta Bulgaria 2007an sartu ahal izango diren erabakiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.