Bost hilabete igaro dira Romeo Vasquez Velasquez jeneralak Manuel Zelaya Hondurasko presidentea ohetik atera eta ostikoa emanda Costa Rican utzi zuenetik. Agintariak gerora herrialdera sartzea lortu duen arren, Brasilen enbaxadan gotortuta jarraitzen du oraindik; haren lekua hartuta segitzen du Roberto Micheletti de facto-ko presidenteak. Krisia konpontzeko egindako negoziazio guztiek, berriz, porrot egin dute, eta salbuespen egoera etengabea da, baina testuinguru militarizatu horretan, hala ere, gaur Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dituzte, «demokratikoak eta beharrezkoak», hautagaiek eman duten mezu bateratuaren arabera. Nolabaiteko zilegitasuna eman nahi izan diete hauteskundeei.
Zilegitasun hori eman nahi izan dio Ian Kellyk ere, AEBen izenean: «Gaur aukeratuko duten presidenteak, hauteskunde libre eta justuotan, aukera paregabea izango du demokrazia ezartzeko». Nazioarteko gainerako herri gehienak, aldiz, isil-isilik daude. Zelaya karguan berriz jartzearen alde agertu da nazioartea orain arte, eta estatu kolpea gaitzetsi du, baina de facto-ko gobernuak bultzatu dituen hauteskundeen kontra, hitzik ez, Latinoamerikako hainbat herri kenduta: Venezuela, Kuba, Bolivia, Ekuador eta Nikaragua. Hauteskundeek hartuko duten bidearen zain daude, horiei buruzko iritzia emateko.
Abstentzioa
Diktadoreen hauteskundeak direla salatzen dutenek, berriz, «etxeratze agindua» jarri dute hauteslekuak zabalik egongo diren orduetan. Erresistentziaren Fronte Nazionalaren babesean dauden herritarrak ez dira etxetik aterako, ez dute botorik emango, eta hori egiteko esan diete herritarrei kanpainan, etxeko bitartekoekin, kaleetan bozgorailua ahoan. Lau milioi pertsonaren botoa dago jokoan.
Hondurasen ezohiko diktadura dago: lau alderdi lehiatuko dira, eta ez dute alderdirik legez kanporatu, baina botoa ematera joango ez diren guztiak sistematik kanpo utziko dituzte, eta presidentea bera da «bozak legez kanpokoak» direla esaten duena.Presidentearen alderdia izandakoa, Alderdi Liberala, bozetan izango da, Elvin Santosek ordezkaturik, eta buruzagi berriaren ustez, «herritarrek jada erabaki dute» botoa berari ematea, nahiz eta estatu kolpearen aldekoen eta kontrakoen artean banaturik dauden liberalak. Micheletti ere alderdikidea zuen ekainaren 28a baino lehen. Kanpainako azken egunetan isilik egotea erabaki du de facto-ko presidenteak, «botoan ez eragitearren».
Alderdi Nazionala da, inkesten arabera, gaurko garailea, eta Porfirio Lobo Pepe buruzagia izango da kolpeari etekina aterako diotenetako bat, 2005ean Zelayarekin lehiatu eta hauteskundeak galdu zituen hura. «Ez Micheletti eta ez Zelaya. Gu gara bien oposizioa eta alternatiba». Haren ustez, krisiari irtenbidea emateko modu bakarra botoa da.
Herritarren Batasun Demokratikoak ere botoa ematera joateko deia egin du. Hainbat enpresarik, politikarik eta erlijio taldek osatzen dute talde hori, eta horiek dira Michelettiren de facto-ko gobernua babestu eta sostengatu dutenak hasieratik.
Hondurasko bost alderdietatik bakar batek ez du zerrendarik aurkeztu: Batasun Demokratikoak. Diktadura eta hauteskunde demokratikoak termino kontrajarriak direla uste duelako egin du atzera, eta Zelayaren aldeko kanpainarekin bat egin du.
Legebiltzarrerako hauteskundeetan egongo direnek komunikabide guztiak euren zerbitzura izan dituzte, estatu kolpearekin kritikoak isilarazi baitituzte. Kanpainan botoa emateko mezuak eman dituzte etengabe, alderdien izenean. Iragarki anonimoak ere barra-barra egon dira: «Demokrazia eta etorkizuna zure botoarekin idazten dira. Goazen denok botoa ematera!». Kaleakere kartelez lepo apaindu dituzte.
Erresistentziak, berriz, tokian tokiko komunikabide txikiak, ahoz ahokoa, protestak eta pintadak izan dituzte kanpainako bide, baina emaitzetan zeresanik izango dute, horien interpretazioan abstentzioaren esanahia kontuan hartuz gero behintzat. Herritarren artean, bederen, ez dago beste gairik: botoa eman edo ez.
Zelayaren aldeko eta kontrako pintadak idatzi dituzte nonahi; Hugo Chavez Venezuelako presidenteak ere inspiratu ditu makina bat esaldi, Hondurasko bozetan herritarrek bizi-ereduan zein aldeetara egin nahi duten ikusiko baita, ezkerrera edo eskuinera, ezkerrekoek kanpaina egiteko bitartekorik ez eta errepresio izugarria jasanda ere.
Zelayaren aldekoek Kongresuaren Plaza izan dute bilerak egiteko lekua, estatu kolpea izanez geroztik. Kongresua, berriz, militarren hesi sendo batek gordetzen du. Hortxe erabakiko dute, Kongresuan, abenduaren 2an, Zelaya boterera itzultzen utzi edo ez legegintzaldia amaitu arte, Hauteskundeetako irabazlearen izena erabakita egongo dira ordurako, eta ez da Manuel Zelaya izango.
«Tentsioa, kezkagarria»
Gaur hauteskunde egun segurua izan dadin, elkarretaratze publikoak egitea debekatu du salbuespenegoeraren gobernuak; ez festa, ezta bilera publikorik ere. Horretaz arduratuko dira 25.000 soldadu eta 5.000 erreserbista baino gehiago, Tegucigalpan. Erresistentziako hainbat ordezkarik, dena den, bilera egingo duela iragarri du ohiko lekuan, Kongresu parean.
Amnesty Internationalek hauteskunde aurreko astebeteko giroari erreparatu dio, eta tentsioa «kezkatzeko modukoa» dela ustedu. «Beldurra sumatzen da giroan, tentsio izugarria», Javier Zuñiga ordezkariak esan duenez. Gainera, Michelettiren gobernuak 15.000 negar-granada eskuratu dituela jakin du AIk.
Bozak diktadura betean
Hondurasko Legebiltzarrerako ezohiko hauteskundeetan botoa ematearen edo ez ematearen aldeko kanpaina baino ez da izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu