Bloke komunistako herrialdeen artean azkenekoa izan zen erreforma demokratikoak eta merkatu liberala ezartzen. Albania, hamabost urte geroago, herrialde pobrea da oso. Herritarren laurden bat pobrezian bizi dira eta langabezi tasa %15ekoa da. Diru sarrera nagusia atzerrian bizi diren albaniarrek urtero bidaltzen dituzten 800 milioi dolarrak dira.
Orotara 2,8 milioi herritarrek izango dute gaur bozkatzeko aukera. Legebiltzarreko 140 diputatuak aukeratuko dituzte aurreneko aldiz txanda bakar batean egingo diren hauteskundeetan. Herrialde demokratikoa dela frogatu beharko dio nazioarteari. Iruzurraren kezka, izan ere, handia da. Albaniako Hauteskunde Batzordeko presidente Ilirian Celibashik bozak zenbatzeko garaian irregulartasunak egon daitezkeela ohartarazi zuen ostegunean. Bezperan, zuriz zeuden 14.867 nortasun agiri desagertu zirela eta horiek bozetan balia zitezkeela ohartarazi zuen. ESKE Europako Segurtasun eta Kooperaziorako Erakundeak 400 begirale bidali ditu herrialdera gaurko bozak ikuskatzera.EB Europako Batasunean eta NATOn sartu ahal izateko maila demokratikoa duen ikusiko da, hartara, gaurko bozetan.PS Alderdi Sozialista agintean dago eta oposizioko PD Alderdi Demokratikoa parekatuta daude azken inkestetan. Koalizioak osatzeko beharra izango dutela eman dute aditzera adituek, ildo horretan.
Programarik ez
Fatos Nano lehen ministro sozialistak eta Sali Berisha presidente ohi kontserbadoreak herenegun amaitu zuten hauteskunde kanpaina. Bertan, baina, ez zuten etorkizunerako programa politikoa zein den argitu.
Alfred Moisiu presidenteak herritarrak bozkatzera deitu zituen aro berri bat irekitzeko aukera dagoela nabarmenduz.
ALBANIA
Bozak egingo dituzte gaur
Agintean dauden sozialistak eta kontserbadoreak parekatuta daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu