Bozak irabazita, aldaketak eskatu dizkio ezkerrak Sarkozyri

Kantonamendu eta herri bozak galdu ditu eskuinak; UMPren «berrantolatzea» iragarri dute arduradunek

2008ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Frantziako udal eta kantonamendu hauteskundeetako bigarren itzulian ezkerrak garaipen argia lortu du, lehenengoan nabarmendutako joera egiaztatuta. Hori dela eta, garaile irten den alderdiak, PS Alderdi Sozialistak, politika aldatzea eskatu dio Nicolas Sarkozy Frantziako presidente eta eskuineko buruzagiari. Horrek, baina, gobernu jarduleen artean «egokitze» mugatuak izango direla baino ez du iragarri, Frantzian bultzatu nahi dituen erreformei eutsiko diela baieztatzearekin batera.

«Errepublikako presidentearen jokamoldea eta haren politika laster aldatzea espero dugu», adierazi zuen atzo Alderdi Sozialistako arduradun nagusi François Hollandek. Udal eta kantonamenduetarako hauteskundeetan irabazle atera den alderdiko buruak premiaz egin beharreko ekimen nagusien artean nabarmendu ditu gutxieneko soldata eta erretiro sari txikienak igotzea.

Hollandek egindako adierazpenei oihartzun eginda, Frantziako Lan ministro Xavier Bertrandek iragarri du Gobernuak hauteskundeen aurretik gogoan zuela gutxieneko soldaten eta erretiro sari txikien handitzea, eta hori egingo dutela hilaren amaieran, «inflazioaren datuen berri hartu orduko». Gobernuaren bozeramaile Laurent Wauquiezen esanetan, berriz, garrantzia duena hautesleen mezuari arreta jartzea da, eta esan dutena da hobekuntza azkarragoak gura dituztela euren egunerokoan.

Hauteskundeetan galera handia jasan dute Sarkozyren gobernuko indar politikoetako ordezkariek, udaletan zein kantonamenduetan. Izan ere, udaletako behin betiko emaitzen arabera, ezkerrak bozen %49 bereganatu ditu, eta eskuina bozen %47rekin geratu da. Kantonamenduetan, berriz, garaipen are handiagoa lortu du ezkerrak, bozen %51,4eskuratuta; eskuinak, aldiz, %44,4 erdietsi ditu.



ESKUINETIK, IRITZI BIPILAK. Sarkozyk kargua hartu zuenetik hamar hilabetera gertatu den porrotak kritikak eragin ditu haren jarraitzaileen artean. Hala, UMP eskuineko alderdi nagusiko bigarren Jean-Pierre Rafarinek «jokabidea zuzendu beharra» nabarmendu du. «Gure politikaren ardatz batzuk malgutu egin behar ditugu». Legebiltzarreko UMPko diputatuen buru Jean-François Copek, berriz, Sarkozyren eta Gobernuaren jokamoldeak ditu auzitan jarri. «Exekutiboak jokaera aldatu, eta Parlamentua erreformen xedatzean eta moldatzean gehiago esku harrarazi behar du». Coperen arabera, Gobernuak xedatzen dituen erreformetan esku hartzeko aukera nahi dute diputatuek. «Gobernuaren erabakietan beren hitza aintzat hartua izan dadin nahi dute legebiltzarkideek».

Porrotaren neurria gutxitzeko ahaleginetan ibili badira ere Gobernua eta eskuineko buruzagiak, UMP alderdian aldaketak egongo direla jakiterat eman dute. Hala, Patrick Devedjian idazkari nagusiak iragarri du: «Gure alderdiaren buruzagitza eta arduradun taldea birmoldatu eta sendotu egingo dugu». Hala, eskuinak galera larrienak jasan dituen eskualdeetan, tokiko arduradunak aldatu egingo dituztela zehaztu du UMP alderdiko idazkari nagusiak.

Hiri-auzo baztertuetan, berriz, eskuinak izan dituen emaitzak txarrak hizpide dituela, hauxe adierazi du Devedjianek: «Gogor egingo dugu lan auzo horietan sustrai sendoak lortu ahal izateko». Izan ere, bozak galdu izana kolpe gogorra da eskuinarentzat.



Eskuinak 30.000 biztanletik gorako 37 udalerri galdu ditu

Paris eta Lyon geratu dira alderdi sozialistaren esku, eta Marseilla eta Bordele, berriz, UMPren menpe
a.s.

Nicolas Sarkozy presidentearen gobernua sustatzen duen eskuineko alderdiak, UMPk, 30.000 bizilagunetik gora duten 37 udalerri galdu ditu igandean eginiko udal hauteskundeetako bigarren itzulian.

Hiri handienetatik bakar batzuk izendatzearren, eskuinetik ezkerrera pasatu diren udalerrietan dira: Angulema, Blois, Caen, Estrasburgo, Kemper, Metz, Narbona, Perigueux, Reims eta Rouen. Alderantziz, ezkerrak kudeatzen zituen sei hiri handi soilik dira eskuin alderat igaro: Agen, Calais, Gap, Mont-de-Marsan, Chatellerault eta Saumur. Eskuinaren esku doi-doi geratu da Marseilla hiri handia. Han, Jean-Claude Gaudin jarduneko auzapezak 51 udal zinegotzi izango ditu -bera barne-, PSk eta bere aliatuek 49 izango dituzte, eta FN mutur eskuineko alderdiak, bakarra.

Frantziako bi hiri handienak direnak, Paris eta Lyon, aldiz, sozialisten eta ezkerreko beren aliatuen esku geratu dira, alde handiarekin. Ezkerraren garaipen aipagarriak izan dira Estrasburgo eta Tolosakoak. Irabazte adierazgarria izan da, halaber, Perigeuxekoa, hiri horretan alkate sozialistaren aurka lehiatzen baitzen Xavier Darcos Hezkuntza ministroa.



GOBERNUKIDEEN PORROTA.Udal hauteskundeetan lehiatzen ziren Sarkozyren gobernuko beste kide andanak ere porrot egin dute. Hala, Christine Lagarde Ekonomia ministroak galdu du Parisko 12. udal barrutian; Christine Albanel Kultura ministroak Parisko 6. udal barrutian; Nathalie Kosciusko-Morizet Ingurumen ministroak Longumeaun; eta Giza-eskubideen idazkari nagusi Rama Yadek Colombes hirian. Garaile irten diren gobernukide bakarretako bat da Rachida Dati Justizia ministroa, Parisko 7. udal barrutian.

Bordelen, berriz, lehen itzulian irabazi zuen Alain Juppe lehen ministro ohiak. UMPkoa izan arren, ez da Sarkozyren jarraitzailea. Haren politika gogor salatzen duen François Bayrou MoDem zentristako buruak, berriz, porrot egin du Pauen (Biarno). MoDemek, nolanahi ere, oso emaitza txarrak lortu ditu udal zein kantonamendu hauteskundeetan, eta horrek kolokan jar dezake Bayrouren agintaritza.





«Jokabidea zuzendueta gure politikarenardatz batzuk malgutuegin behar ditugu»

jean-pierre rafarin
UMP-ko bigarrena eta lehen ministro ohia
«Alderdiaren buruzagitza eta arduradun taldea birmoldatu eta sendotu egingo dugu»

patrick devedjian
UMP-ko idazkari nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.