1994. urtean 800.000 ruandar hil zituen genozidioaren ondoren, lehenengo aldiz egin ziren hauteskundeak atzo. Chrysologue Karangwa hauteskundeen batzordeko buruak adierazi zuenez, bozkatzeko eskubidea duten 3,9 milioi ruandarren %80k parte hartu zuten hauteskundeetan.Atzo aurkezturiko hautagaiak tutsien etniako Paul Kagame oraingo presidente eta Ruandako Fronte Abertzaleko burua (RPF) eta hutuen etniako Faustin Twagiramungu independentea izan ziren. Hasiera batean Alivera Mukabaramba Aurrerabidearen eta Adiskidetasunaren aldeko Alderdiko hautagaia ere aurkeztekoa zen; baina, Christian Marara haren alderdiko presidenteak adierazi zuenez, «Kagameri oztoporik ez jartzeko eta Twangiramunguren arrazoibide zatitzailea saihesteko», hauteskundeak uztea erabaki zuen. Hauteskunde hauek gainbegiratzen 1.900 aditu izan ziren atzo, horietatik 350 atzerritarrak. Ruandarren %85 hutu etniakoak dira eta %15 tutsi etniakoak. Lehenengo emaitzak gaur jakinaraziko dituztela adierazi zuten gobernuko iturriek.
Paul Kagame RPFko hautagai eta orain arte presidente izandakoa da hauteskunde hauek irabazteko faboritoa. Kagameren alderdiak hauteskunde kanpaina zabala egin du; Kigaliko kaleetan nonahi ikus daitezke Kagameren argazkia duten elastikoak, kartelak eta ruandarren boza Kagamerentzako eskatzen duten ibilgailuak. Kagamek 1994. urteko genozidioaren ondotik, presidentetza eskuratu zuenetik, herrialdearen segurtasuna hobetzea, txirotasuna murriztea, ekonomiaren hazkundea eta talde etnikoen arteko berradiskidetzea sustatzea izan dira euren garaipenik esanguratsuenak. Hala ere, hainbat erakundek eta alderdik hauteskunde hauen izaera demokratikoa zalantzan jarri dute. Ruandako Fronte Abertzaleak oposizioko kideak mehatxatzeko taktika erabili duela adierazi du Amnesty Internationalek (AI).
Salaketak
Kagameren kontrario nagusia Faustin Twagiramungu izango da. 1994. urtean Kagameren behin-behineko gobernuko lehen ministroa izan zen, urtebetez. Ondoren, Belgikara ihes egin behar izan zuen, eta aurtengo ekainean iritsi zen Ruandara berriz. Hutu moderatua da eta 1994. urtean muturreko hutuek egindako genozidiotik ozta-ozta atera zen bizirik. Hasiera batean, Twagiramunguk Mugimendu Errepublikano Demokratikoarekin (MDR) aurkeztu behar zuen hauteskundeetara. Kigaliko gobernuak hainbat herritako hauteslekuetara zihoazen bere alderdiko 12 ikuskari atxilotu izana salatu zuen MDRk. Horrez gain, MDRko kideak hauteskundeetara aurkez ez daitezen erosi nahi izana leporatu dio Kigaliri. Azken asteetan Kagameren gobernuak Twagiramunguren alderdia legez kanporatu du eta azken honek hautagai independente bezala aurkeztu behar izan du. Hauteskundeak irabazteko hutuak erakartzeko propaganda etnikoa erabili izana leporatu zion Kagamek Mugimedu Errepublikar Demokratikoari. Propaganda helburu zatitzaileekin erbili izana ere leporatu zioten.
Twagiramunguk salatu zuen Gobernuak herritarrei jazarri diela: «Jendea txikitzen ari dira, hiru hil zituzten, beste askok herrialdetik alde egin behar izan dute eta besteak ezkutatuta daude». Ruandako Gobernuaren jokabidea Sobiet Batasunarenarekin eta Txinarenarekin alderatu zuen.
Alabaina, Europako Batasuneko ikuskarien buru Collette Fleschek bozak normal egin zirela adierazi zuen: «Kigalin ikusi dugun guztia era lasaian eta antolatuan egin da. Ez dago arazorik; bozkatzeko materiala dagokion lekuan dago».
RUANDA
Bozak irabazteko faboritoa da Kagame, egungo presidentea
Oposizioak zalantzan jarri du genozidioaren ondorengo lehenengo hauteskundeen garbitasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu