Bozak, mugarriak eta mitoak

Hauteskundeak Irakeko etorkizun baketsuaren abiapuntu direla esan dute haiek bideratu dituztenek, AEBek eta aliatuek; baina ziurgabetasun eza da egunerokoa.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Hauteskunde hauek Irakeko baketze bidean mugarri izango direla sinetsarazteko bitarteko guztiak erabili dituzte herri hari gerra deklaratu zioten berberek, AEBek eta aliatuek, baina irakiarrentzat errealitatearekin zerikusirik ez duen ustea da bozen esperantza: haientzat gobernu berriaren aukeraketa beste pasarte bat besterik ez da, ziurtasun eta segurtasunik gabeko kaos amaigabean. Inbasioa iraunarazi duten zazpi urtean suntsituta geratu da herria, ustelkeriak gidatzen duen elite politikoaren gidaritzapean.

Irakiarrak beldur dira gobernua osatzeko prozesuak indarkeriaren susperraldia ekarriko duelako, 2005eko hauteskundeen ondoren gertatu bezala. George Bushek urte hartakoak «demokrazia eta askatasuna hedatzeko mugarritzat» jo bazituen ere, gerra zibila lehertzeko ia zorian izan ziren irakiarrak gobernua osatzeko behar izan zituzten bost hilabeteetan, eta milaka zibil hil ziren. 2005ean eta 2006an batez beste ia ehun pertsona hil zituzten egunean Irakeko autoritateen heriotzaren eskuadroiek, Nazio Batuen Erakundeak dioenez.

Oraingo bozak Barack Obamarentzat «irakiarren ilusioa eta baikortasuna erakutsi duen prozesu historikoa» izan diren arren, emaitzek buruzagitza argirik gabeko etorkizuna marraztu dute, beste behin, eta emaitzen aurrekoa irregulartasunez jositako prozesua izan da berriz ere: ustez Saddam Husseinen Baath alderdiarekin zerikusia duten zerrendak bazterrera uzterakoan, harekin zerikusirik ez duten ahots kritikoak ere legez kanporatzeko apustua egin dute.

Aliantza ustelduak

Lehen ministro Nuri al Maliki eta lehen ministro ohi Ijad Alaui bozetako bi irabazle berdinduek ez dute gehiengo nahikorik bakarrik gobernatzeko, eta bi edo hiru blokerekin aliatu beharko dute horretarako. Aliantzak, gainera, AEBen, enpresa pribatizatu eta interesatuen, eta eskualdeetako jauntxoen ustelkeriaren begiradapean osatuko dira, Obamarentzat «irakiarrek libreki aukeratu dituzten ordezkarien artean» osatuko badira ere. Iranek ere kokagune erosoak eraiki ditu jokaleku berrirako. Bi potentzien gudaldiak libratzeko lekua bilakatzeko arriskua ere badu Irakek.

AEBek iragartzen duten Irak independenterako zaindaritza estrategikorako akordioa egitea espero dute osatuko den gobernu berriarekin. Bagdadeko eremu berdean, besteak beste, AEBek munduan duten enbaxadarik handiena eraikiko dute.

Hauteskundeek ustez erakutsi duten gizarte egonkortuaren egunerokoa latza da, ustelkeriak jotako buruzagien irizpide arbitrarioen menpekoa. Laugarren herrialdea da ustelkeria pairatzen duten munduko herrien zerrendan. Datu ofizialen arabera, Irakeko Gobernuak 2008an ustelkeriak jotako kargu publikodunei «barkatutako dirua» 9.000 milioi eurotakoa izan zen; lapurtutako dirutza guztiaren kopurua ez dago jakiterik. Ahmad Txalabi martxoko hauteskundeetan nor aurkeztu eta nor ez erabaki duen pertsonaren eskuetatik igarotzen dira halabeharrez Irakeko transakzio guztiak. Munduan den herrialde aberatsenetakoa izanik ere, hezkuntza, osasuna eta ur eta argi hornikuntza maila apalenetakoak dauzka.

Herrialde ustez egonkortu hartan, AEBek 10.000 irakiar atxilotuta dauzkate, eta beste 30.000 Irakeko agintari irakiarren esku utzita; tortura eta heriotza zigorra ere egonkortu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.