Bozen %80 eskuratu dituela baieztatu du Myanmarko Junta Militarrak

Erasoaldien eraginez Thailandiara ihes egindako 20.000 iheslariak etxera itzultzen hasi dira

Jon Fernandez.
2010eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Myanmarko Junta Militarrak guztiek espero zutena baieztatu zuen atzo: bere aldekoa den Batasunaren Garapen eta Elkartasunerako Alderdiak joan den igandean eginiko hauteskundeetan-hogei urtean egin dituzen lehenak- botoen %80 eskuratu dituela. AEBek, Europako Batasunak eta Japoniak, besteak beste, bozen gardentasun falta eta irregulartasunak salatu dituzte. Bozetan ez zen diktadura militarrarentzako deserosoak izan zitezkeen lekukorik egon: ez nazioarteko ikuskatzailerik, ez nazioarteko kazetaririk.

Hauteskunde batzordeak ez du orandik emaitzen inguruko daturik baieztatu. Hala ere, argi dago Thein Sein lehen ministroaren gobernuak jarraituko duela indarrean. Uniformeak soinetik kenduta arituko dira aurrerantzean boterean, zibil gisa. Hala ere, agintariak aurreko berberak izango dira.

Duela hilabete batzuk sortu zuten Batasunaren Garapen etaElkartasunerako Alderdia, gobernuan zegoen erakunde paramilitarraren egiturari eutsiz. Myanmarko armadako 2.000 ofizial inguruk karrera militarrari uko egin zioten, Juntaren aldeko alderdiko hautagai izan ahal izateko. Jeneral kargua zuten Thein Seinen gobernuko 27 ministro tartean. Alderdiko kideen zerrenda 27 milioi lagunek osatzen dute,biztanleriaren erdiak.

Gutxiengoen beldurra

Bozen gehiengoa nahiko ez balitz, militarrek Konstituzioa ere alde dute. 2008an onartutako Konstituzioaren arabera, militarren esku geratzen dira beti bi ganberetako eserlekuen laurdena eta Defentsa, Muga eta Barne ministerioak. Horrez gain, armadaburuak hartuko du nazioaren gaineko kontrola, salbuespen egoera ezarriz gero.

«Emaitzak ez onartzeko erabakia aztertzen ari gara», esan du Thaung Thek, Bakearen Nobel saria jaso zuen Aung San Suu Kyiren alderditik banatutako alderdiko kideak. Gutxienez oposizioko zortzi alderdik jarri diote salaketa alderdi garaileari hauteskunde iruzurragatik. Euren ustez, «agintaldia berritu nahi du Thein Seinen gobernuak, mende erdi baino gehiagoko erregimen militarraren osteko lehen gobernu zibila eskuratuz».

Gutxiengo etniek autonomia gehiago eskatu izan diote gobernuari Myanmarrek 1948an Erresuma Batuarengandik independentzia lortu zutenetik. Jazarpena izan da gobernuaren erantzuna, eta orain beldur dira hauteskundeen ostean Junta Militarrak euren kontrako errepresioa areagotuko ez ote duen. Igandeko hauteskundeetan parte hartzeko euren alderdia legeztatzea erabaki zuten gerrilla etnikoen helburu nagusia eskualdeetako batzarren kontrola lortzea zen, su-etenaren ordainetan Thein Seinen Gobernuak emandako autonomia mailari eusteko edo areagotzeko. Alabaina, militarrek lortu dute gehiengoa eskualde gehienetan.

Ehun hildako

Karen etniako gerrillarien eta armadaren artean piztutako borrokaren ondorioz igandean auzoko herrialdera ihes egin zuten 20.000 lagunek etxera bidea hartu zuten atzo. Thailandiako agintariek muga gurutzatzea segurua zela ziurtatu osteanhasi zuten iheslariek bueltako bidea, Gurutze Gorriaren, lekuko gobernuaren eta gobernuz kanpoko hainbat erakunderen laguntzaz.

«Nahi izanez gero, itzul zaitezkete zuon etxeetara. Zeuok erabaki». Thailandiako lekuko agintaritzek hitz horiexek erabili zituzten, megafonia bidez, Mae Soteko base militarrean zeuden iheslariei berria emateko: karen etniako gerrilariek atzo goizean alde egin zutela Myawaddy hiritik. Thailandiako militarren zaintzapean eraman zituzten bi herrialdeen arteko muga marrazten duen Moei ibai ertzera. Kanoaz bueltatu ziren etxera.

Karen Batasun Nazionaleko Nen Dah Mya koronelaren esanetan, «EBDK -Karen Demokraziarako Armada Budista- Myawaddytik atera da, eta orain beste talde etnikoekin batzeko ahaleginean dabil». Haren esanetan, ehun lagun inguru hil dira Myawaddyko, Hiru Pagodetako eta Mekatako muga pasabideetan izandako borroketan. Thailandiako agintaritzak eta Myanmarkoak ez dute baieztatu datu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.