Bozen ostean Egipton xariak zer pisu hartuko duen neurtu dute lehen debate politikoan

Musa eta El-Futuh izan dira Egipton inoiz eztabaida batean parte hartu duten lehen presidentegaiak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Erlijioak zeresan handia izango du Egiptoko gobernu berrian, herritar gehienen bizitza islamari lotua baitago, baina norainoko eragina izango duen dago jokoan, eta, erlijioaren inguruan aritu dira tirabiran Amr Musa nazionalista laikoen hautetsia eta Abu el-Futuh islamista moderatuena, Egiptoko historian izan den presidentegaien arteko lehen eztabaida saioan. Ia bost orduko saio bat ikusi dute herritarrek; eztabaidak iraun duen denbora guztian, Egiptoko kafetegietan ezin kabitu milaka lagun, telebistaren aurrean, adi, ikuskizun berriaren aurrean.

Hosni Mubarak boteretik kendu zutenez gero, iazko otsailean, Junta Militarra bideratzen ari den trantsizioa oso kritikatua izaten ari da; banaketa handia dago herritarren artean, eta kezka, berriz, bozen osteko gobernuaren inguruan. Maiatzaren 23 eta 24ko presidentetzarako hauteskundeen hautagai guztien artean Musak eta El-Futuhek dute irabazteko aukera, eta inkestek elkarrengandik oso gertu jartzen dituzte. El-Futuh xaria lege islamikoaren defendatzaile sutsua da, baina Musarentzat ez da egokia harkbaldintzatutako konstituzioa.

Alderdi erlijiosoen kontra dago Musa, uste duelako zatiketa eragiten dutela: «Oinarria banaketa dute. Kohesio sozialari kalte egiten diote, eta Egipto zatitzea lortuko dute helburuak betetzeko bitartekoak ematen badizkiegu». Jatorri erlijiosoa duten alderdiak kanpoan utzi nahi izatea, baina, «egiptoar gehienak baztertzea» dela leporatu dio El-Futuhek.Horrek «estatu demokratiko independentea» nahi du, «xaria eta haren printzipioak denaren gainetik jarriko dituena.

Musak egungo konstituzioaren bigarren artikuluari eutsi nahi dio: xaria legearen oinarri nagusia dela esaten du, baina, era berean, musulmanak ez direnei haien legeak baliatzeko eskubidea ematen die. Musaren ustez, «xariaren eta modernitatearen artean ez dago kontraesanik». Konstituzioaren eta legearen arabera lan egin behar du, haren ustez, presidenteak: «Jainkoari Jainkoarena eman, eta Zesarri, Zesarrena».

Iraganaren zama

Etorkizunak ez ezik, iraganak ere izan du bere pisua aurrez aurrekoan. Anaia Musulmanetatik dator Abu el-Futuh, eta Hosni Mubaraken gobernuan izana da Amr Musa. Legebiltzarra, bada, Justizia eta Askatasunak kontrolatzen du, Anaia Musulmanetatik eratorria den alderdiak, eta, orain, gobernua bereganatu nahi dute, Musaren ustez, herrialdeko botere guztia bereganatzeko eta «egiptoarren zatiketa arriskutsua» eragiteko.

Musak, baina, ezkutatu ezin duen iragana dauka: Mubaraken Atzerri ministro izan zen 2001era arte, eta galdera hauxe egin dio El-Futuhek: «Nola emango die irtenbideairaganeko erregimenean parte hartutako gizon batek, erregimen horrek berak sortutako arazoei?». Musak erantzun bat badu, baina ez du mamua gainetik kentzea lortzen. Mubaraken gobernua utzi egin zuen hark, ez zegoelako ados haren erabakiekin. «Borondatez utzi nuen gobernu hori; ez ninduten kanporatu».

Programa hutsa

Etorkizuneko Egiptoren erronkei nola aurre egingo dien, berriz, ez da jakiterik izan, nahiz eta saioak bost ordu iraun duen; izan ere, programak oso leku gutxi izan du, eta, gainera, ekonomia, hezkuntza eta Israelekiko harremanaren ikuskera ez da oso ezberdina bi hautagaien artean. Haien programaren zirriborro zehazgabea ezartzerakoan, biek Israelen kontrako mezuak eman dituzte, nahiz El-Futuh urrutirago joan den. Ekonomiaz, berriz, gauza gutxi: biak ados daude gutxieneko soldata 150 eurotan jarri behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.