Bozetako iruzur salaketak aztertzea hitzartu dute Kenyan oposizioarekin

Batasuneko gobernua osatzeko negoziazioekin jarraitzen dute Gobernuak eta oposizioko kideek

2008ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Prozesua amaitu ez den arren, aurrerapauso handia eman zuten atzo Kenyan. Izan ere, borrokak eragin zituzten abenduko bozetako iruzur salaketa ikertzean adostu ziren Gobernua eta oposizioa. Hala zehaztu zuen Kofi Annan AB Afrikako Batasunak izendatutako bitartekariak. Haren esanetan,Mwai Kibaki presidentea eta oposizioko buru Raila Odinga akordio orokorretik oso hurbil daude. Batasun nazionaleko gobernua osatzea da urtarrilean hasitako bake negoziazioen azken helburua.

Mwai Kibaki Kenyako presidentearen eta haren aurkari Raila Odingaren ordezkaritzen artean, konstituzio berria moldatzeko eta erreforma sakonak egiteko hitzarmena lortu dute orain artean. Batasuneko gobernuaren osaketan eta boterea banatzearen kontuetan, ordea, bat-etortzerik ez da oraindik gertatu. Bi aldeek hizketan jarraituko dute astelehenean eta Annanekin bilduko dira asteartean.

«Ia-ia lortu dugu. Akordio orokorretik oso hurbil gaude, eta horretara goaz seguru asko», nabarmendu du Annanek, kazetarien aurrean Nairobin egindako agerraldian. ABk Kenyako gatazkari irtenbidea aurkitzeko izendatutako bitartekariak, baina, ez du batasuneko gobernua lortzeko negoziazioen gaineko daturik aurkeztu. «Azken txanpan gaude, eta nekea handia izan arren, erabat ados jartzea lortu lortuko dugu», gaineratu du Annanek.

Bake elkarrizketetarako bitartekariak argitu duenez, gobernu berriak egingo dituen erreforma programa xedatu dute, eta uneotan horien bideratzeko moduak eta mekanismoak dituzte hizpide. Batasun nazionaleko agintearen eraketarako oztopo nagusia botere banaketa nola egin erabakitzea da. Baina halakorik ez du aitortu Annanek. Haatik, hori uler daiteke haren adierazpenetan: «Gobernu berri baten eraketari buruz asko hitz egin dute aldeek, eta aurrerabide andana xedatu dute». Hizketaldi horiei dagokionez, Annanek zehaztu du, negoziatzen jarraituko dutela astelehenean, eta beraiekin bilduko dela asteartean, «atal honetan behin betiko akordioa hitzartzea espero dudalarik».



ERREFORMA SAKONAK. Orain arte Kibakiren NUP Batasun Nazionaleko Alderdiaren eta Odingaren ODM Mugimendu Demokratiko Laranjaren artean adostutakoaz argibide zehatzik ez du eman Annanek. Baina, hala ere, gutxi edo aski bi aldeak zertan bat etorri diren jakinean geratu da. Hala, urtea bukatu aurretik Konstituzioa berritzea hitzartu dute, aldaketaren atal nagusia lehen ministro kargua sortzea izan daiteke. Horrez gain, Hauteskunde Batzordea birmoldatzeko, Egia eta berradiskidetzearen aldeko batzordea eratzeko eta Polizia berrantolatzeko ados lirateke bi aldeak.

Konstituzio berrituaren ildotik sortuko den gobernuburuak izango dituen botereei dagokionez, haatik, ez dira ados jartzen oraindik NUP eta ODMko ordezkariak. Kibakiren alderdikideek ez dute nahi presidentearen eskumenak gutxituko dituen lehen ministrorik; eta Odingaren aldekoek, ostera, urrats hori ezinbestekotzat jotzen dute. Gobernu berrian, ministro karguetatik erdia baino apur bat gehixeago -%55- lortzea nahi du ODMk eta hori onartezina zaio NUPi.

Kibakiren aldekoek ez dute orainokoan entzun nahi ere bi urteko trantsizio epearen buruan presidentetzarako hauteskundeak berriro egitea, Odingaren jarraitzaileek eskatzen duten legez. Bi aldeak, ostera, ados daude iragan abenduaren 27ko hauteskundeen inguruko ikerketa egingo lukeen egitura independentea eratzean. Kibakik garaile izendatu zuten bozen biharamunean piztu ziren indarkeriak. Mila bat lagun hil dira talde etnikoen arteko borroketan, eta 600.000 ihes egitera behartuak izan dira.

Gatazkan dauden bi aldeen arteko bake akordio orokorrik ez dutelarik hitzartu, nazioartearen presioak areagotzen ari dira. Hala, Europako Batasunak ohartarazi du berarekin hitzartutako merkataritza akordioak eten ditzakeela akordioa berehala lortu ezean.AEBek ere badute interesa gatazka konpon dadin. Hori dela eta, AEBetako diplomaziaburu Condoleezza Rice gatazkan sartuta dauden bi aldeekin bilduko da astelehenean. Bestalde, Afrikako bost herrialdeetara hastekoa duen bisitaldiaren atarian, George Bush Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak hauxe adierazi du: «Indarkeriak berehala gelditu eta demokrazia berrezarri behar da, lehenbailehen».



HIru HILaBeTeKo amesGaIzToa

Krisi politikotik gatazka etnikora

2007ko abenduaren 27a. Presidentetzarako eta Legebiltzarrerako hauteskundeak egin zituzten. Oposizioak eta nazioarteko begiraleek iruzurra egon zela salatu zuten. Oposizioko Mugimendu Demokratiko Laranja alderdiak lortu zuen gehiengoa Legebiltzarrean.

2007ko abenduaren 30a. Hauteskunde batzordeak iragarri zuen jarduneko presidente Mwai Kibakik irabazi zuela, nahiz eta iruzur salaketak egon. Oposizioko hautagai Raila Odingak ez zuen garaipena onartu.

2008ko urtarrilaren 1a. Europako Batasuneko begirale taldeak salatu zuen bozak «sinesgarritasunik gabeak» izan zirela. Hauteskundeak eginez geroztik 250 lagun hil zirela jakinarazi zuten iturri ofizialek. Tartean eliza batean bizirik erretako 30 lagun, kikuyu etniakoak guztiak.

Urtarrilaren 13a. Hiru eguneko manifestazioak antolatu zituen oposizioak, baina Poliziak indarrez desegin zituen protestak. «Garbiketa etnikoa» egitea egotzi zion Gobernuak Odingari.

Urtarrilaren 21a. Gutxienez 30 lagun hil ziren etnien arteko borroketan. Hilabete eskasean 600 bat lagun hil ziren.

Urtarrilaren 24a. Lehen aldiz bildu ziren Kibaki eta Odinga, borrokak amaitzeko asmoz.

Urtarrilaren 28a. Gutxienez 64 lagun hil ziren lau egunetako borroketan, Rift haranean.

Otsailaren 1a. Kenyako bi alderdi nagusiek bake akordioa lortzeko urratsak zehaztu zituzten. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moon herrialdera iritsi zen negoziazioetan presio egiteko asmoz.

Otsailaren 5a. Borroketan hildakoak 1.000ra eta desplazatuak 600.000ra iritsi zirela jakinarazi zuten.

Otsailaren 15a. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi ohi Kofi Annanen laguntzaz akordioa lortu zuten Kibakik eta Odingak. Konstituzio berria sortzean eta hauteskundeetako emaitzak berrikustean adostu ziren, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.