Militar talde bat Maliko Gobernuaren aurka altxatu zen atzo, eta Ibrahim Bubacar Keita presidentea eta Bubu Cise lehen ministroa bahitu zituzten. Bahiketaren ondotik, presidentea dimisioa ematera behartu zuten, eta gobernua eta parlamentua desegitera. OTRM1 telebista katean mintzatu da Keita. «Boterean jarraitzeko ez dut odolik isurtzerik nahi. Horrenbestez, herritarrei jakinarazi nahi diet agintearen kargua utziko dudala, eta parlamentua eta gobernua deseginarazi».
Gaur goizean, atzo gobernuaren aurka altxatu ziren militarrek Herrialdearen Salbaziorako Komite Nazionala aurkeztu dute, eta hauteskundeetara «arrazoizko epe batean» deitzeko konpromisoa hartu dute. Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak eta Frantziak gobernuari babesa adierazi zioten atzo.
Ismael Wague militarren bozeramaileak ORTM1 telebista katean hitz egin du, eta, bertan, herrialdeko gizarte zibilari eta alderdi politikoei eskatu die beraiekin bat egiteko «hauteskunde demokratikoetara» deitzeko. Waguek nabarmendu du nazioarteko akordioak errespetatuko dituztela, eta argi utzi dute ez dutela botererik nahi. «Ez dugu botererik nahi; herrialdearen egonkortasuna nahi dugu, arrazoizko epe batean hauteskunde orokorrak egin eta Maliri aukera emateko gure eguneroko bizitza hobeto kudeatzeko eta gobernuaren eta gobernatuen arteko konfiantza berreskuratzeko gai diren erakunde sendoak izateko». Azken orduetan milaka manifestari bildu dira hiriburuko Independentzia Plazan, kolpea eman duten militarrei babesa adierazteko.
Keitak dimisioa aurkeztu baino ordu batzuk lehenago, militarrek presidentea eta lehen ministroa atxilotu zituzten, Sebenikoroko presidentearen egoitzan, eta Katiko base militar batera eraman zituzten, Bamako hiriburutik hamabost kilometrora. Jeune Afrique egunkariaren arabera, kuartelean tiroketa bat jazo da gobernuaren aurka altxatu diren militarren eta base militarrean zeuden soldaduen artean.
Gaurtik aitzinera herrialdeko mugak itxi dituztela erran du Waguek, eta etxeratzeko agindua ezarri du 21:00etatik 5:00etara. Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak Malirekin zituen mugak itxi zituen atzo herrialdeko estatu kolpearen ondotik. Ohar baten bidez Erkidekoak ohartarazi du «estatu kolpe horrek ez diola bakeari lagunduko, ezta Maliko egonkortasunari ere». Bestalde, jakitera eman dute Mali bere gobernu organoko alderdi guztietatik kenduko dutela, «konstituzio agindua berreskuratu arte». 5G Sahel eskualdeko aliantza militarrak, berriz, presidentearen «berehala» eta «baldintzarik gabe» askatzeko eskatu du.
Maliko egoera ezegonkorra
Maliko egoera ezegonkorra da azken hilabeteetan. Keitaren dimisioa eskatzeko protestek ez ezik, talde jihadistek eta herrialdeko talde etnikoen arteko liskarrek ere gora egin dute herrialdearen zati handi batean. NBEren txosten baten arabera, gainera, Keitaren gobernuko eta armadako hainbat goi mandatarik Arjeleko bake akordioak oztopatu dituzte, eta horiei zigorrak ezartzeko aukera plazaratu dute.
Iazko ekainetik, Maliko oposizioko sektore bat, Mahmud Dicko buru dela, Keita presidentearen dimisioa eskatzen zebilen. Herrialdea egun jasaten ari den krisi ekonomiko larriaren eta herritarrei eragiten dien koronabirusaren pandemiaren erantzuletzat jotzen zuten Keita.