Bozetara ez aurkezteko mehatxua egin dute Egiptoko 63 alderdik

Hauteskunde legea aldatzea nahi dute, erregimen zaharreko kideei aginterako bide guztiak ixteko

Erredakzioa
2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Iganderako hauteskunde legea aldatu ezean Egiptoko 63 alderdik azarorako iragarritako bozei boikota egingo dietela mehatxu egin dute. Hosni Mubaraken erregimena erori zenetik Kontseilu Militarra dago boterean. Agintea zibilei emango diela agindu du behin eta berriro, baina etengabe atzeratzen ari da. Herritarrek, hala, gero eta konfiantza gutxiago dute kontseiluarengan, eta aldaketa prozesua azkartzea nahi dute. Gaur bertan, manifestazioa egingo dute Tarhir plazan, Kontseilu Militarraren aurka protesta egiteko.

Kontseiluak azaroaren 28rako iragarri ditu bozak, baina alderdiak hauteskunde legearen aurka daude. Izan ere, Parlamentuko eserlekuen herenak hautagai independenteentzat gordeta daude, eta alderdiak beldur dira erregimen zaharreko kideek ez ote duten bide hori erabiliko bozetan parte hartu ahal izateko. Izan ere, hautagai independenteek ez dute alderdiekin lehiatu beharko, eserleku horiek ziurtaturik baitituzte. Horregatik, lege hori aldatzeko eskatzen dute alderdiek, eta, bide batez, erregimen zaharreko kideei bozetara aurkeztea debekatzeko.

Larrialdi legea, indarrean

Apirilak 6 mugimendua, berriz, Egiptoko protestak bultzatu zituen taldeetako bat, ez da aurkeztuko Parlamenturako bozetara. Horren ordez, erregimen zaharreko kideak bozetara aurkeztea saihesteko lanean jardungo du.

Hillary Clinton Ameriketako Estatu Batuetako idazkari nagusiak, bestalde, larrialdi egoera kentzeko eskatu dio Kontseilu Militarrari. Irailaren 10ean ezarri zuten larrialdi egoera Egipton, Kairon hiru hildako eragin zituzten liskarren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.