Hauteskundeak Iranen

Bozkatzera joan daitezela galdegin die Khamenei aiatolak Irango herritarrei

Irango buruzagi nagusi Ali Khamenei aiatolak bozkatzera joateko deia egin die Irango herritarrei guztiei. Legebiltzarra aukeratzeko hauteskundeak egiten ari dira gaur Iranen, eta ika-mika handiak izan dira boz horien inguruan. Izan ere, Zaindarien Kontseiluak 3.600 hautagaitza bertan behera utzi zituen urtarrilaren 11n, "ezaugarri moralak" ez zituztela betetzen argudiatuz. Hautagaitza horiek, Irango erregimena aldatzearen aldekoak ziren. Debeku hori tarteko, interes gutxiren hartu dituzte gaurko bozak Irango herritar askok. Hala ere, agintariek esan dute botoa emateko lekuak aurreikusitakoa baino ordubete gehiagoz izango dituztela zabalik, "jendearen emanagatik".

2004ko otsailaren 20a
16:30
Entzun
Agintariek partaidetza handia dela adierazi duten arren, nazioarteko albiste agentzien arabera, oso jende gutxi ari da botoa ematera joaten. Hala, botoa emateko lekuetan ia ez dabilela jenderik azaldu dute.

Legebiltzarraren osaera erabakiko dute irandarrek gaurko bozetan. Azken lau urteetan, duela 25 urte Iraultza Islamikoa gertatu zenetik aurreneko aldiz, erreformistak izan dira nagusi erakunde horretan —222 diputatu erreformistak ziren, 55 kontserbadoreak eta 13 independenteak—. Hala ere, Zaindarien Kontseilua da Iranen benetako agindua duen erakundea, eta Legebiltzarraren erabakiak atzera botatzeko eskumena du. Beraz, ezer gutxi egiteko aukera izan du Legebiltzarrak erreformisten esku izan arren.

Gainera, oraingo hauteskundeetarako hautagaitza erreformista gehienak baliogabe laga ditu Zaindarien Kontseiluak; zehazki, 3.600. Horrez gain, bi egunkari erreformista itxi dituzte azken boladan. Hori dela eta, herritar askok etsita hartu dituzte gaurko bozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.