Mendebaldeko Sahara

Brahim Ghali izango da SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente berria

Bart egin dute bozketa, nazioarteko hainbat begirale eta Fronte Polisarioko 2.500 ordezkari inguru bertan zirela. Smaran jaioa, Polisarioko kide historikoetako bat da Ghali, eta SEADen Aljeriarako enbaxadorea ere izan da hainbat urtez.

Brahim Ghali aukeratu dute Fronte Polisarioko idazkari nagusi. MOHAMED MESSARA / EFE
arantxa elizegi egilegor
2016ko uztailaren 9a
10:02
Entzun

Izendatu dute Fronte Polisarioko idazkari nagusi eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea izango dena: Brahim Ghali. Polisarioko iturrien arabera, batzarrean bildutako 2.500 ordezkarietatik %93,13k babestu dute Ghaliren hautagaitza. Bertan izan dira, baita ere, nazioartetik joandako hainbat ordezkari.

Smaran jaioa Polisarioko kide historikoa da Ghali. Bestak beste, erakundearen sortzaileetako bat izan zen eta baita SEADen Aljeriarako enbaxadorea ere hainbat urtez. Hala, Ghalik badu esperientziarik negoziazioetan, izan ere, hainbatetan hartu du parte Maroko eta NBErekiko elkarrizketetan.

Aurrerantzean Mohamed Abdelazizek utzitako tokia beteko du Ghalik. Abdelaziz joan den maiatzaren amaieran hil zen, gaixotasun luze baten ondorioz. El-Uali Mustafa Saieden Fronte Polisarioko sortzailea ekintza militar batean hil ostean hartu zuen Abdelazizek haren lekukoa, 1976. urtean. Bere agintaldian, 1991n, su-etena adostu zuen Polisarioak Marokorekin. Baina su-etena sinatu eta 25 urtera autodeterminaziorako erreferendumak gauzatu gabe jarraitzen du. Orain Ghalilen lana izango da galdeketa egiteko prozesua bultzatzea.

Erronka zailak

Ghali oso kritikoa da nazioarteak orain arte erakutsi duen jarrerarekiko, eta ez du erabat baztertzen borroka armatura itzultzea, baldin eta agintariek Marokoren politikak aldatzeko ahaleginik egiten ez badute. Izan ere, Rabatek urteak daramatza NBEren ordezkarien lana oztopatzen.

Polisarioko idazkari berriaren lehen erronka nagusia hilaren amaieran helduko da; orduan erabakiko baitu NBEk Minursoren misioarekin zer egin. Lurralde okupatuetan autodeterminaziorako erreferenduma antolatzea da misio horren helburu nagusia, baina azken urteetan geldirik dago Marokok jarritako oztopoen ondorioz —joan den martxoan bertan misioko ordezkari zibilak kanporatu zituen hark, "partzialak" zirela argudiatuta—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.