BRASIL. HAUTESKUNDE OROKORRAK. Lularen besoetakoa, geratzeko prest

Inkesten arabera, Dilma Rousseffek lehen itzulian larri irabaziko du, baina bigarrenean presidentetza lortuko du

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Ikusgarria da Dilma Rousseffekinkestetan izan duen bilakaera, urtarriletik kanpaina amaierara. Luiz Inacio da Silva Lula ordezkatuko zuela iragarri zutenean bazirudien ez zuela inork defendatuko Venezuelako presidenteak beste, ezta PT Langileen Alderdian ere. Egoera oso bestelakoa da orain; Jose Serra oposizioko hautagairik sendoena indarrik gabe uzterainokoa. Azken egunotan presidentegaiaren gertukoen artean ustezko ustelkeria kasuen berri ematea izan du oposizioak bigarren itzulia behartzeko modu bakarra, eta, galdeketen arabera, horri esker igandean hortxe-hortxe ez du lortuko gehiengo osoa. Baina bigarren itzulian bada ere, ziurtatuta dauka kargua, ezustekorik ez badago: Brasilgo historian lehen emakume presidentea izango da Rousseff.

Lulak hautagaiarekin Brasil zeharkatuz egindako kanpaina akuilu izan du Rousseffen aldeko goranzko joerak. Vox Populi inkesta etxeak esan duenez, brasildarren herenek begiak itxita emango liokete botoa Lulak babestutako hautagaiari, edozein izanda ere, eta ez da harritzekoa, gaur herritarren %80en baino gehiagoren onespena duelako presidenteak, pobreenen artean batez ere. Lularen zortzi urteko gobernuaren ondoren, 29 milioi behartsu gutxiago daude, Getulio Vargas Fundazioak jasotako datuen arabera. Hala ere, 73 milioi bizi dira oraindik behar gorrian,herenak baino gehiago, eta Rousseffek Lularen politikarekin jarraituko duela da euren itxaropena -135 milioi pertsonak dute botoa emateko eskubidea-.

Oposizioaren kanpaina

Serra alderdi sozialdemokrataren apustuak -2002an Lulak lehia irabazi zion- presidentearen lorpenak kontuan hartuta gobernatuko zuela esanez hasi zuen kanpaina, indartsu hasi ere, Rousseffen gainetik, baina modu hori defendatuz bere aldeko babesak behera egin duela ikusita, giro asaldatua eragiteko joerari heldu dio, botere gehiegikeriarekin eta krimen politikoarekin lotutako hitz-jarioarekin. Hala ere, %28k babesten dute kanpainaren azken txanpan. Paulo Cezar de Rosa kazetari eta politikan adituak «mundu garaituaren hautagai» deitzen dio, «funtzionatu ez duten pribatizazioena, huts egin duten nazioarteko aliantzena eta Brasilen kontrako ekonomiarena».

Ustelkeria bada Rousseffen arrakasta apaltzeko arrazoia, baina ez dirudi egoera iraultzeko moduan denik. Iruzurra «ondoko bulegoan» izan duela leporatu dio Marina Silva PV alderdi berdearen buruzagiak, oposizioko bigarren aukerak - botoen %10 inguru jasoko ditu, inkesten arabera-. Gogorarazi du 2005ean gobernua arriskuan jarri zuela ustelkeriak eta gertaera hori ere Rousseffek gidatzen zuen Presidentetzarako Ministerioan sortu zela. Rousseffek, ordea, Lularen argudio berekin erantzuten du horrelakoetan: «Inor ez dago susmoetatik libre, baina salaketa oro frogekin egin behar da. Guk kasu guztiak argitu arte ikertuko ditugu, eta inpunitatea amaituko dugu». Silva gobernuko PT alderdiaren boto-emaileen kontzientzia kritikoa bilakatu da, Lulak bideratu dituen politika liberalekin ados ez dauden ezkertiarrena. Lularen Ingurumenaren ministro izan zen 2008 arte, baina dimisioa eman zuen, Amazonian bideratu dituen industria eta energia proiektuen ondorioz.

Ustelkeria kasuak

Enerice Guerra zipriztindu dute azken akusazioek, urteetanRousseffen ondo-ondokoa izandakoa eta haren ordezkoa gobernuaren ministerioan, baina albistea gehiegi luzatu aurretik eman du dimisioa, berandu baino lehen, akusazioak ukatu egin dituen arren. Kasu horrek, baina, komunikabide garrantzitsuenen eta Lularen arteko gerra piztu du. Lulak komunikabideei politikari lana egiteaz akusatu die, eta informazio faltsua emateaz. Horiek, berriz, informatzeko eskubidea aldarrikatu dute, eta batzuk argi eta garbi Serraren alde agertu dira.

2006ko presidentetzarako hauteskunde kanpainan ere gauza bera gertatu zitzaion Lulari, eta babes handia galdu zuen ondorioz. Bigarren itzulian irabazi zituen bozak.

Ustelkeriaren gainetik, ordea,brasildarrek baldintza ekonomikoak hobetsiko dituztela diote inkestek. Lulari meritu hori kentzea oso zaila egiten ari zaie Serrari eta Silvari, modu gardenagoan eta zintzoagoan gobernatuko dutela zin eginda ere. Politikarien ustelkeria ia endemikoa da Brasilen, eta denak ustelak balira, aukeran nahiago dute emaitzak eskaintzen dituenaren alde egin.

Lularen politikaren jarraipena

Gizarte gaietan egindako gastua eta programa sozialei emandako garrantzia kontuan hartuta, ez dago dudarik Lularen gobernuak Brasili aldaketak ekarri dizkiola, ezker kritikoenentzat nahikoa ez den arren -besteak beste, MST lurrik gabeko nekazarienmugimendua kexu da agindutako lurrak oraindik ez dituztelako eskuratu-. Hala ere, ukaezina da behartsuenen interesak defendatzeko agenda moduko bat dagoela, eta agenda horrekin jarraituko du Rousseffek: «Miseria amaitzeko konpromisoa hartzen dut, herri hau garatzekoa eta brasildarrei kalitatezko heziketa eta osasuna ematekoa». Hitzok mila bat favela dituen hirian esan ditu asteon, Sao Paulon, Lula alboan. Pobreen 73 milioietatik gehienak txabolatan bizi dira, eta gune horiek baketzeko duela bi urte gobernuak abiatutako programak arrakastatsuak izaten ari dira.

Gobernuak martxan jarritako Familia Poltsa proiektua da Lularen lorpenetako bat. Familiei diru laguntzak ematen dizkie haurren eskolatzea eta elikagaiak ziurtatzeko asmoz. Helburua da pobrezian ez betikotzeko eta handik ateratzeko tresnak eskaintzea, ez jatekoa soilik. Proiektu hori, gainera, lege bilakatu dute aurten, laguntza iraunkorra izan dadin, eta zigorrak aurreikusi dituzte betetzen ez dutenentzat. Lege bihurtu dituzte ere esne banaketaren, doako jangelen eta ikasteko beken egitasmoak.

Kirol ekitaldiak

Lularen politiken jarraipena egiteaz gain, erronkak ere izango ditu Rousseffek, bi ekitaldi garrantzitsutarako prestaketak, besteak beste. Mundu osoa Brasilera begira jarriko da 2014an Munduko Koparekin, eta 2016an Olinpikoar Jokoak direla eta.



Legebiltzarkideak eta gobernadoreak ere lehian

Politikari askohautatu behar dituzte gaur, estatu garrantzitsuetakoburuzagiak ere bai
A. M.

Presidentetzarako hautagaien norgehiagokak, logikoki, bozen gainerako lehiak jan ditu, eta komunikabideek apenas eman dieten lekua Legebiltzarrerako, Senaturako eta hogei estatuetako gobernuak aukeratzeko lehiei, baina horiek ere garrantzitsuak dira. Diputatuen Ganberako ordezkariak aukeratuko dituzte, eta tokian tokiko Legebiltzarrak; baita Senatuaren bi heren berrituko ere. Horrez gainera, jokoan dago estatuetako boterea, Sao Paulorena eta Rio de Janeirorena, besteak beste, eta gobernuaren barruan alderdien indarren arteko oreka. Gobernuak luzerako abiatutako proiektu garrantzitsuak ere jokoan daude.

Jose Serra kontserbadoreak Dilma Rousseffen garaipenaren aurka egiteko ezer gutxi duela ikusita, gaur egun bere alderdi PSDBk dituen gobernu kontserbadoreak ziurtatzeko ahalegina egin du, Sao Paulo, Parana, Goias eta Minas Gerais estatuetan. Luiz Inacio da Silva Lula eta Rousseff ere inguru horietan izan dira bereziki kanpainan, Serraren indarra gutxitu nahian -Serra gobernadore izan zen Sao Paulon-. Kanpaina nazionalizatu nahi izan dute.

2016ko Olinpikoar Jokoak prestatzeko lanen eta diru sailen gestioa 2010 eta 2014 arteko legealdian egingo da, eta PT Langileen Alderdiak gobernadore aliatua behar du: Sergio Cabral, egungo gobernadorea, PMDBkoa eta PTren aliatua gobernuan. Eskuina eta berdeak batu dira hura bota nahian, baina ez luke arazorik izan behar irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.