Brasilgo Auzitegi Gorenak bost pertsona zigortu ditu Brasilgo mendeko epaiketaren lehen fasean. Epaileen gehiengoak iruzur egitea leporatu die epaitutako lehen sei lagunetatik bosti. Tartean, Joao Paulo Cunha dago, egun Langileen Alderdiko diputatua dena, eta Luis Inazio da Silva Lula presidente zenean Brasilgo Parlamentuko presidente zena. Cunhari dirua zuritzea eta dirua bidegabeki erabiltzea leporatu diote. Sei urteko kartzela zigorra eskatu dute harentzat.
Zigor gogorrena, hala ere, Marcos Valerio publizistari ezarri diote, iruzur sarea antolatzea leporatuta, hamasei urteko zigorra eskatu dute. Valerioren bi laguntzailerentzat, berriz, hamarna urtekoa. Brasilgo Bankuko zuzendari ohi Henrike Pizzolatori bi urte eta erdiko zigorra ezarri diote. Errugabetzat jo duten bakarra Luiz Gushiken da, Lularen agintaldian Informazio ministro zena.
Epaileen erabakia ez da behin betikoa oraindik, epaiketa amaitu artean iritzia alda baitezakete. Hala ere, akusatuek zigorra bete beharko dutela dirudi, epaileen gehiengo nabarmena baitago haiek zigortzearen alde. Guztira, 37 lagun epaituko dituzte.
Ustezko iruzurra, 2003an
Eskandalua 2005ean sortu zen, Brasilen. Lularen inguruko 37 pertsonari ustelkeriaz aritzea leporatu zieten. Langileen Alderdiak kongresuan babesa izateko botoak erostea egotzi zieten.
Ikerketen arabera, iruzurra 2003an egin zuten, Langileen Alderdia lehen aldiz Brasilgo Gobernura iritsi zenean egin zuten iruzurra. Ikertzaileek diote publizitatearen aurrekontutik eta gobernuaren esku zeuden enpresetatik milioika dolar baliatu zituztela beste alderdietarako.
Brasilen lehen zigorrak ezarri dituzte ustelkeria kasuengatik
Epaiketaren lehen fasean zigortutako bost lagunen artean Langileen Alderdiko diputatu bat dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu