Rio de Janeiroko Complexo do Alemao favela kontrolpean hartu ondoren, Brasilgo militarrek sei eta zazpi hilabeteren artean okupatuko dituzte auzo horretako karrikak. Azken astean droga trafikatzaileen aurkako erasoaldia abiarazi du Rio de Janeiroko estatuak, Brasilgo Gobernuaren laguntzarekin. Indar armatuekin izandako tiroketetan gutxienez 36 lagun hil dira.
Complexo do Alemao herenegun hartu zuten kontrolpean 2.600 militar eta poliziek. Brasilgo Segurtasun Publikorako Idazkaritzaren arabera, ustezko hogei droga trafikatzaile atxilotu dituzte, eta 40 tona droga eta 50 fusil atzeman. Indar armatuei «erresistentzia eskasa» egin diete droga trafikatzaileek, Rio de Janeiroko Polizia Militarraren buru Mario Sergio Duarteren arabera. Hala ere, ustez Complexo de Alemaon zeuden 600 «droga trafikatzaile armaturen» berri zehatzik ez dute lortu indar armatuek.
Urte erdirako okupazio militarra Sergio Cabral Rio de Janeiro estatuko gobernadoreak eta Nelson Jobim Brasilgo Defentsa ministroak atzo adostu zuten. Epe horretan Polizia Baketzailearen Unitateak (UUP) entrenatuko dituzte, ondoren faveletan horiek ezar daitezen. «Vila Cruzeiroko eta Alemaoko lurraldeak berriro konkistatu ditugu, eta orain hurrengo pausoa emateko garaia da», esan zuen Cabralek. Azken asteko operazioak Rocinha eta Vidigal faveletara hedatuko dituztela jakinarazi du gobernadoreak.
Luiz Inazio da Silva Lula Brasilgo presidenteak ere adierazi du azken operazioa droga trafikoaren aurkako «gerraren» hasiera dela soilik. «Lehen pausoa eman dugu: Alemao barruan gaude». Poliziak eta militarrek etxez etxeko bilaketekin segitu zuten atzo.
Brasilgo armadak urte erdiz okupatuko ditu Rioko 'favelak'
Azken egun hauetako operazioa droga trafikoaren aurkako «gerraren» hasiera dela adierazi du Lulak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu