Brasilgo diktadurako delituak ikertzeko kargua hartu dute Egiaren Batzordeko kideek

Bi urterako lana du taldeak; delitugileak ezagutarazi arren, ez dago haiek auzipetzerik, Amnistia Legea dela eta

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Brasilgo Egiaren Batzordeak bidea hasi du, Dilma Rousseff presidenteak taldea osatuko duten zazpi kideei kargua ematearekin bat. 1964tik 1988ra gertatutako giza eskubideen urraketak ikertzeko zeregina izango du, baina batez ere azken diktadura garaikoak (1964-1985); bi urte eman dizkiote batzordeari torturatuen, hildakoen eta desagertuen kasuak argitzeko. «Brasilgo egia historikoa berregiteko», Egiaren Batzordea osatzeko iaz onartutako legean nabarmentzen denez.

Batzordeak, baina, ibilbide mugatua dauka, gertatu zena azaleratuta ere, ustezko errudunak ez baitituzte epaituko. 1979ko Amnistiaren Legea da horretarako oztopoa. Diktadura garaian ateratako legea bertan behera uzteko eskaera egin zuten hainbat erakunde sozialek 2010ean, Auzitegi Gorenean, baina konstituzionala zela erabaki zuen auzitegiak, eta indarrean dago gaur egun.

Rousseffek berak berretsi du 1979ko legearen balioa, errespetatuko duela esanez, eta «berregite historikora» mugatuko dela. Presidenteak diktadura garaiko militantzia bi urteko espetxearekin eta torturekin ordaindu zuen, baina orain «errebantxarik hartu gabe» memoria berreskuratu behar dela uste du, eta horretarako batzordekideen aukeraketa zorrotza egin dute.

Sei hilabete iraun du izendapenen prozesua, biktimen senideen begietara ezagunak izateaz gainera independenteak behar zutelako: ministro ohi bat, bi abokatu —preso politikoak defendatzen aritutakoa bat eta bestea gerrillari ohia—, fiskal, magistratu, psikoanalista eta soziologo. Horiek ikerketaren txostena egingo dute, eta delitugileen zerrenda eta haiek egindakoena ere jasoko dituzte.

Hori dela eta, legearen muga hor egonda ere, diktaduran aktibo aritutako militar erretiratuak urduri jarri dira, eta militar horietako asko biltzen dituen Rio de Janeiroko Club Navalek talde bat sortu du, zazpi kidekoa hori ere. Egiaren Batzordeak egiten duen lana jarraituko du, eta behar denean «erantzutera» aterako da. «Beharrezkoa da bi aldeak entzutea, gauza orok kontrapuntua baitu, eta hori errespetatu egin behar da». Ricardo Veiga Cabral clubeko presidente eta almirante erretiratuaren iritziz «defendatzeko aukerarik gabe» daude, militarren izenak argitaratuz gero, «isiltasuna hautsiko» dute militarrek «armetan izan den ezkerrak» egindakoak salatzeko.

Atzerritarren erantzukizuna

Brasilen 1964an estatu kolpea eman zuten militarrek hazten ari zen ezkerrari bidea ixteko, eta enpresari nahiz eskuineko hainbat zibil boteretsuren laguntza izan zuten militarrek, baita AEBena ere. Orain, brasildarrek ez ezik atzerritarrek emandako laguntza ikertuko du batzordeak, Condor Operazioan gertatutako ekintzak kasu. Besteak beste, Brasilgo, Txileko, Uruguaiko eta Argentinako diktaduretako buruzagiek elkarrekin egindako plana, eta baita CIAk eta AEBek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.