Lekukotzak eta eztabaidak amaituta, gaur bukatu da Dilma Rousseff presidentearen aurkako prozesua. Senatuarena izan da azken erabakia. Han, bi herenen babesa —81 diputatutik 54rena— behar zuten kargugabetzeak aurrera egiteko. 61 senatariren babesa lortuta, automatikoki boteretik at geratu da Rousseff, eta egun jarduneko estatuburu dena, Michel Temer, bilakatu da presidente, 2019an agintaldia amaitzen den arte.
Aldiz, eskubide politikoei eutsiko die Rousseffek, haren inhabilitazioaren aurka bozkatu baitu senatuak. 42 senatarik bozkatu dute Rousseff inhabilitatzearen alde, eta 36k kontra; hiru abstenitu dira. Horretarako ere gehiengo kualifikatua behar zenez, ez da aurrera atera Rousseffen inhabilitazio saioa. Hala egin izan balute, Rousseffek ezingo zukeen kargu publikorik izan zortzi urtez. Azken unean erabaki dute bi gaiak bozketa banatan ebaztea.
Rousseffek salatu du "estatu kolpea" gauzatu dela, eta "kolpisten aurrean oposizio irmoa" agindu du: "Bizitzan aurre egin diodan bigarren estatu kolpea da. Lehena militarra izan zen, militante gaztea nintzela; bigarrena parlamentarioa izan da, aukeratu nindutik kargutik kentzen nauena".
Miguel Reale Junior fiskalak argi esan zuen Senatuan egindako agerraldian: ganberak Rousseff kargugabetu behar du, eta "aro berri bat" hasi. "Lularen eskutik boterera heldutako Langileen Alderdiak ustelkeria ekarri du berekin, eta estatuko konpainien dirua erabili du euren kanpainak bultzatzeko".
Haren gertukoek, ordea, salatu dute prozedura guztiak "politikari zintzo baten aurkako heriotza zigorra" izan direla. "Kargugabetzeko prozedura Dilmak hauteskundeak irabazi zituen une berean [2014] hasi zen", nabarmendu zuen eztabaida saioan Jose Eduardo Cardozo senatariak. Hark, Rousseffen alderdiko gehienen moduan, jakin badaki oso txikia dela presidenteak karguari eusteko duen aukera.
Lehen aldia
Joan den maiatzaren 12an behin-behinean kendu zuten kargutik Dilma Rousseff, Kongresuaren baimenik gabe aurrekontuak moldatzea leporatuta. Akusazioaren arabera, gobernuak eskatutako maileguek interes handiak eragin zituzten kontu publikoen bizkar. Halakoak legez kanpokoak diren arren, aurretik ere egin izan dira, nahiz eta gaur arte ez duten estatuburu bakar bat ere zigortu horregatik. Hori dela eta, ustezko delitua aitzakia hartuta "estatu kolpea" egitea egotzi diote Rousseffen alderdikideek oposizioari.
Langileen Alderdiko buruak joan den astelehenean eman zituen azalpenak Senatuan, eta, aurretik egin moduan, orduan ere ukatu egin zituen bere aurkako salaketa guztiak. "Bidegabekeriaren zapore garratza eta zakarra sentitzen dut", adierazi zuen estatuburuak.
Kaleak, hartuta
Rousseffen aldeko zein kontrakoak kalera irten dira Brasilgo herri eta hirietan. Joan den astelehenean bezala, bart gauean ere 200 bat lagun bildu ziren Sao Paulon, estatuko hiririk handienean, presidenteari babesa agertzeko. Handik metro gutxira, oposizioko dozenaka jarraitzailek hilabeteak daramatzate kanpatuta, Rousseff noiz kargugabetuko zain.
Astelehenean, presidentearen aldekoek manifestazio jendetsua egin zuten Sao Pauloko Roosevelt plazaraino —haraino zegoen baimendua protesta—, baina handik aurrera egiten ahalegindu zirenean, Poliziak negar gasa jaurti zien.