Norvegiako Justiziak 21 urteko kartzela zigorra ezarri dio Anders Behring Breivik eskuin muturreko kideari, atentatu terrorista bikoitzagatik. Aho batez onartu du auzitegiak herrialdean baimenduta dagoen gehienezko espetxe zigorra ezartzea; auzipetua ez dela psikotikoa ebatziz. Atentatuak 2011ko uztailaren 22an gertatu ziren. Breivikek 69 lagun hil zituen Utoya uhartean, eta zortzi Oslon.
Epaia entzuterakoan eskuin muturrekoen agurra egin du Breivikek, damurik agertu gabe eta tinkotasunez. Abokatuak adierazi du Breivikek ez duela helegiterik jarriko. Behin ezarritako zigorra beteta, Norvegiako Justiziak zigor hori bost urtetik behin luzatzeko aukera aurreikusten du, presoa gizartearentzat "arriskutsua" dela ulertzen bada.
Epaiketan Breivikek hilketak onartu egin zituen, baina errudun ez dela esan zuen, bere burua defendatzeko izan zirela argudiatuta. Fiskaltzak eskuinmuturreko kidea erietxe psikiatriko batera eramatea galdegin zuen, medikuen azterketen arabera, Breivikek eskizofrenia duelako. Breivik espetxean ikertu duen psikiatra talde batek, ordea, adierazi zuen Breivik ez dela psikotikoa eta "bere buruaren jabe" zela ekintzak egin zituenean; auzitegiko psikiatrek esandakoaren aurka. Epaiketak hamar aste iraun zuen, ekainean bukatu zen.
Erasoaren ostean Poliziak izan zuen jarduna ikertzeko sortutako batzorde independenteak, uztailean ebatzi zuen huts egin zuela operazioak eta ez zutela lortu herritarrak babestea. Poliziak "azkarrago" aritu behar zuen Oslon eta Utoya uhartean iaz 77 hildako utzi zituen erasoaren ondorengo operazioan. Batzordearen ustez, "arrazoiak daude atentauak saihestu zitezkeela pentsatzeko".