Parkinson gaitzaren eraginak arintzeko botika baten probak eten egin zituzten atzo Bretainian, bere borondatez parte hartzen ari ziren sei laguneko talde bateko bosti kalte egin zielako. Erietxera eraman zituzten seiak: lau, kalte neurologikoekin; bat, koman; eta beste bat, inolako eraginik gabe. Koman zegoen gizona hil egin da gaur, Bretainiako Rennes hiriko erietxeak jakinarazi duenez.
Parte hartzaile guztiak gizonezkoak dira, 28 eta 49 urte bitartekoak. Guztira 90 lagun ari ziren parte hartzen, eta proben aurreneko fasean zeuden. Sei lagun horien taldeaz apartekoei oraingoz ez zaie sintomen zantzurik azaldu, ikerketa iturrien arabera. Frantziako Biotral laborategia ari zen proba egiten, Portugaldo Bial farmazia enpresarentzat.