Erresuma Batuan bozkatzeari ekin diote gaur goizean. Ingalaterran, Galesen, Eskozian eta Ipar Irlandan goizeko zazpietan zabaldu dituzte hauteslekuak, eta Euskal Herrian gaueko hamaikak direnean itxiko dituzte; hedabide nagusiak segituan hasiko dira beren zundaketen berri ematen. Orotara 46 milioi lagunek dute botoa emateko aukera, eta bihar goizera arte ez dituzte jakinaraziko herrialdearen etorkizun politiko eta ekonomikoa baldintzatuko duten bozen emaitzak.
Azken lau urteotako labirinto politikoa amaitzeko aukera paregabea dute gaur herritarrek, baina hori baldintza baten araberakoa izango da: Boris Johnsoni gehiengo osoa ematea, eta, beraz, bide ematea bost urteko agintaldi toryari. Brexit-a gauzatzearen truke epe horri ateak irekitzea, hori dute jokoan boto emaileek Erresuma Batuko Parlamenturako bozetan, zehazki jakin gabe nolakoa izango den Johnsonen agintaldia, agintariak dena epe motzera begira egiten baitu. Baina Europako Batasunetik (EB) irteteko prozesuak nahikoa haserre eragin du, nahikoa nazka, nahikoa gatazka, agintari kontserbadoreari txeke zuri bat emateko. Herrialdearen etorkizuna dago jokoan, EBtik ateratzea bera.
Bi alderdi politiko nagusiak, kontserbadorea eta laborista, bilakatu dira ardatz polarizatuko aldeen itxaropenak: toryak irteeraren aldekoentzat, eta laboristak irteeraren kontrakoentzat. Inkestei erreparatuz gero, Johnsonek lasai egon beharko luke, horien arabera botoen %43 jasoko bailituzke, eta laboristak nahiko atzean bailituzke, %34 inguruan. Nigel Farageren Brexit Alderdiak kontserbadoreen 318 barrutietan hautagairik ez aurkeztea bultzada handia izan da Johnsonentzat, eta bidea ireki dio gehiengo osoa bereganatzeko.
Beste aldean, EBn segitzearen aldekoak boto taktikoaren inguruan antolatu dira: barruti bakoitzean toryak garaitzeko aukera handienak dituen hautagai europazaleari ematea botoa. Laboristek ez dute adostasun horretan parte hartu, talde komunitariotik ateratzeko boto emaile tradizionalak ez uxatzeko, baina, finean, estrategia horretan parte hartzeak bainoago, Jeremy Corbynen jarrera anbiguoak egin dio min handiagoa laboristen hauteskundeetako arrakastari. Eta, paradoxikoki, boto taktikoa izan daiteke Corbyn boterera heltzeko irtenbidea.
Horren guztiaren erdigunean, garrantzi handia hartu dute 2017an kontserbadoreen eta laboristen artean boto gutxiko tartea izan zuten barrutiek; hor aritu dira Johnson eta Corbyn kanpaina egiten, batez ere, azken astean. Gehienak barruti laborista historikoak dira, 2016ko erreferendumean talde komunitariotik ateratzearen alde egin zutenak. Horiekin batera, tory europazaleek pisu handia izango dute, ikusteko baitago betiko alderdiari botoa ez emateko gai izango diren brexit-a gelditze aldera; hau da, zerk izango duen pisu handiagoa, ideologiak ala EBrekiko jarrerak.
2017an, brexit-a ez zegoen egungo egoera berean, eta boto ideologikoak pisu askoz ere handiagoa izan zuen boto emaileengan. Horregatik, boz horietan Theresa Mayk jasan zuen trikimailu bera izan du aurrean Johnsonek aurten: kanpainak EBtik ateratzearen ingurukoa behar zuen, baina Corbynek kontserbadoreen neurriak eta murrizketak kritikatzeko baliatu du aukera. Estrategia bertsua da, baina zalantza handiak eragin ditu gaurko hauteskundeetan izango duen eraginkortasunaren inguruan.
Eguberriko opariak
Johnsoni gehiengo osoa eman ala ez, eta, hortaz, bigarren erreferenduma egin ala ez: bi gertakari horiek daude jokoan gaurko bozetan. Eta prozesuari enegarren une bitxia gehitzeko, hauteskundeen emaitzak etzi jakinaraziko dituzte, ostiral batean, hilabeteko hamahirugarren egunean. Mendebaldean zorte txarrekotzat hartzen dute hilabete bateko hamahirugarrena ostirala izatea; Erresuma Batuko bozen kasuan, ez dago argi zorte hori nori begirakoa izango den, baina gauza bat ziurra da: herritarrek Eguberrietarako brexit-a oparitu diezaioketela euren buruari, irteera 2020ko urtarrilaren 31 baino lehen gauzatzeko.
Jokaldi arriskutsua da toryentzat, azken bi urteotan haien sostengu izan den Ipar Irlandako Alderdi Demokratiko Unionistak (DUP) adierazi baitu ez duela harenganako konfiantza gehiagorik; hortaz, Johnsonek ez badu gehiengo osoa eskuratzen, asko borrokatu beharko da unionisten babesa berriz eskuratzeko. DUPekoak, gainera, beldur dira 2017ko hamar diputatuetako batzuk galduko ote dituzten, Ipar Irlandako europazaleak ere antolatu baitira boto taktikoaren inguruan.
Beste aldean, opariak bestelakoak izan daitezke toryak gehiengo osorik gabe geratzen badira: irteerari buruzko bigarren galdeketara deitzearen truke, Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) eta Liberal-demokratak alderdiak Corbyn boterera eraman lezakete —koaliziorik osatu gabe—.
Eta batez ere SNP izango da kontuan hartu beharreko indar politikoa, hori baliatuta baldintza gehiago jarriko baitizkio laboristen buruzagiari: datorren urtean bigarren independentzia erreferenduma egitea, eta bertan behera uztea Trident izeneko programa nuklearra. Emaitzek eta negoziazio posible horiek eragina izango dute SNPren independentziarako bidean, Eskozian horri buruzkoak ere izango baitira hauteskundeak.