Irakeko 142 zibilek Erresuma Batuko militarren kontra eginiko salaketak aztertzen hasi zen atzo Erresuma Batuko Auzitegi Gorena. Tratu txar eta tortura lekukotasunak entzun eta gero, epaileek ebatziko dute salaketa horiek argitzeko ikerketa publiko bat abian jarri behar den ala ez. Salatutako gertakariak Irakeko hegoaldeko Basora hiriaren inguruetako armada britainiarraren base batean izan ziren, 2003ko martxoa eta 2008ko abendua artean.
Lekukotasunak entzuteaz gain, Auzitegi Goreneko magistratuek soldaduek beraiek filmatutako bideo irudiak ikusi dituzte. Bideo horietatik bat, hain zuzen, plazaratu zuen atzo The Guardian egunkariak bere Internet orrietan. «Irudiok agerian jartzen dute soldadu britainiarrek tratu txarrak sistematikoki jasanarazi dizkietela preso hartutako irakiarrei, itaunketak egiten zizkieten denboran», adierazi du salaketak egin dituztenen abokatu Michael Fordhamek.
«Hau izango al da Erresuma Batuko armadaren Abu Graib?», galdetu du Fordhamek. Hitz horiekin gogora ekarri du Ameriketako Estatu Batuetako armadaren ardurapean zen Bagdad inguruko espetxea. Han, AEBetako militarrek tratu txarrak eta torturak jasanarazi zizkieten hainbat irakiarri, 2003ko iraila eta 2004ko agorrila bitartean, gutxienez. Orduan ere, militarrek beraiek hartutako irudiak Interneten bidez plazaratzeak salaketa uholdea eragin zuen, eta Abu Graib itxi zuten.
Defentsa Ministerioa, ezkor
Salaketa egileen arabera, Basorako base militar britainiarrean itaunketak jasan zituzten denboran, tratu txar ugari pairarazi zizkieten: jan-edatekorik ez ematea, lo egiten ez uztea, itxurazko hilketa saioak. Biluzik egotea eta emakume soldaduen umilazioak ere nozitu zituztela zehaztu dute salaketa egileek. Defentsa Ministerioak, ordea, adierazi du akusazioak «oraindik frogatzeko» daudela. Horren irudiko, ikerketa publiko bat hastea ez da beharrezkoa, IHAT izeneko batzorde bat ari baita jadanik aurretik egin salaketa batzuk ikertzen.
Britainiarrek 142 zibil irakiarri eginiko torturak ikertzen hasi da Londres
Lekukotasunak entzun ostean, ikerketa publiko bat hastea edo ez ebatziko du Auzitegi Gorenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu